Teknologia albisteak

Maite dut Firefoxen irakurtzeko ikuspegia

Erabiltzailearen aurpegia
2015-12-03 : 09:53

Ez daukat ezer Interneteko hainbat albistegi edota blog diseinatzen duten profesionalen aurka, baina, aizu, batzuetan zaila egiten zait testu bat irakurtzea. Agian zahartzen hasi naiz eta betaurrekoak behar ditut, auskalo. Edota zeharo petralduta nago letra-tipo bitxi eta tamaina txikikoekin (Interneteko enpresa batean lana egitearen ajeak). Horregatik maite dut Firefoxen irakurtzeko ikuspegia: utikan alferrikako elementuak eta gora ondo irakurtzeko moduko letra-tipo eta tamaina.

Nabigazio barran, URLaren alboan, liburu baten traza duen botoi bat dago. Hor klik eginda aktibatzen da irakurtzeko ikuspegia, "Reader view" ingelesez. Webgune guztientzat pentsatua dagoen arren ez da beti aktibatzen. Firefox 38 geroztik, aurtengo maiatzean atera zena, (gaur egun 42. bertsioan gaude) dago erabilgarri guztiontzat. Lehenago ere irakurtzeko ikuspegi garbi hau lortu zitekeen Readability bezalako gehigarriak erabiliz. Chrome nabigatzailean hori egin behar da. Safarik, aldiz, defektuz dakar irakurtzeko ikuspegia.

Mahaigainekoan funtzionalitate interesgarria eta eskertzekoa da hau. Eta zer esanik ez mugikorrean. Interneteko edukien kontsumoan mugikorra hartzen ari den pisua itzela da, eta hala ere hainbat eta hainbat webgune ez daude mugikorretara egokituak oraindik. Hor ibili behar dugu irakurtzeko testua handitzen, ahal den moduan ezker-eskuin, goitik-behera. Irakurtzeko ikuspegiak primerako laguntza ematen du beraz mugikorrean baita ere, inolako gehigarririk instalatu beharrik gabe. Behean ikus daitekeen moduan, ezkerrean mugikorrean exkax ikusten den webgune bat eta eskubian webgune bera irakurtzeko ikuspegian:

Egia da iragarki-blokeatzaileek nabigazioa garbitu eta errazten dutela, baina irakurtzeko ikuspegia bikaina iruditzen zait.

Erantzun

Sartu