FitBit Flex eskumuturreko-adimentsu bat darabilt aspaldian. Egiten dudan kirol-jarduna neurtzeko balio du, besteak beste. Bizitza osasuntsuagoa eramaten laguntzen ei dute gailu hauek. Ez naiz amu hori irentsi duen bakarra. 2015ean 78 milioi wearable edo eskumuturreko-adimentsu saldu ziren munduan (Apple Watch erlojua kategoria honetan sartzen dute). Baina ikerketa batek ezagutzera eman duenez, gailu hauek ez dira fidagarriak osasuna monitorizatzeko orduan.
Nik darabildan FitBit Flex gailuak ematen ditudan pausuak kontatzen ditu, podometro bati esker, eta hortik oinez ibilitako distantzia eta aktibo egon naizen denbora ematen du. Lo eman dudan denbora zehazten dit baita ere. Oheratzean kolpetxo batzuk ematen dizkiot eskumuturrekoari eta jaikitzean beste batzuk; denbora-tarte horri mugitzen ibili naizen denbora kenduz ateratzen du lo eman dudan denbora. Bluetooth bidez mugikorreko aplikazioarekin sinkronizatzen da eta han grafiko eder batzuk erakusten dizkit.
Beste funtzio eta zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, baita ere, baina ez ditut erabili: dieta zehatz bat jarraitzeko aukera, pisuaren jarraipena egitekoa edota edaten duzun ur kopurua apuntatzekoa. FitBitek dio horrelako gailuak erabilita jendea gehiago ibiltzen dela oinez, eta ondorioz, osasun-egoera hobetzen dutela. Ni kuriositatez hasi nintzen, ikustearren wearable honek zertarako balio zuen, deformazio profesionala, baina ez dut uste gehiago paseatzen dudanik edota lo ordu gehiago ematen ditudanik.
Badira gailu aurreratuagoak, pausuak kontatzeaz gain bihotz-taupaden erritmoa edota gorputzaren tenperatura jasotzen dutenak, baita ongizate-mentala aztertzen dutenak ere. Baina azterketa baten arabera gailu hauek ez dira fidagarriak osasuna neurtu eta parametrizatzerako orduan:
Arduratzekoa da gailu eramangarri hauen fidagarritasun eta baliotasuna. Jarduera fisikoaren jarraipena egiteko gailuen konparazio batek alde handiak erakutsi zituen gailu ezberdinen artean - %25erainoko aldeekin (The reliability and validity of wearable devices is also concerning. Recent comparisons between various wearables for tracking physical activity showed large variations in accuracy between different devices -- with error margins of up to 25%).
Gailu hauen fidagarritasun ezaren froga, edo broma bat, da beheko irudia. Oilasko-bularki puska bat 119 bihotz-taupadako erritmoan (ikusi bideoa Twitterren). Nire gailuak ez ditu bihotz-taupadak jasotzen, lastima, proba egiteko.
Gailu hauek hobetzen joango dira, fidagarritasuna lortzen. Nork daki. Bitartean irribarrea aterako digute behiei jarri nahi dieten gailu hauek, jakiteko noiz den ernaltzeko sasoi egokiena:
Goiko irudia: Wikipedia
Neuk ere erosi nuen halako bat, Jawbone Up2. Pulsera itxura du, pantailarik gabe, ta beraz diskretua da, edonon eta edonoiz eramateko freak itxura izan gabe. Urratsak eta loa neurtzen du, batez ere. Sinesgarritasunari dagokionez... seguru neurgailua ez dela errealitatearen isla perfektua, baina inportanteena iruditzen zait koherentea izatea. Neurriak, benetakoaren goitik ala behetik, baina beti eskala berean mugitzea. Egindako jarduera fisikoaz kontziente izaten laguntzen du, ta gero norberak erabakiko du zein neurri hartu hori aldatzeko. Hobeto edo gutxiago jan (elikagaien datuak sartu daitezke), oinez ala autoz joan...
Argazkikoak badu azalpen zientifiko bat, @axebra erabiltzaileak Twitterren eman zuena.
https://twitter.com/axebra/status/692081210143739909
Honekin ez dut esan nahi gailuak guztiz fidagarriak direnik (ikerketa ez dut irakurri), errore margina (ikerketako aipuan esaten denaren arabera oso handia) izango dute, baina hain hain txarrak ere ez dira.