Gaur Ostiral Beltza da: merkataritzan deskontu bereziak lortzeko eguna. Estatu Batuetan sortu eta ospetsu bihurtutako marketing kontu bat, duela urte gutxi batzuetatik hona Euskal Herrian hedatzen ikusi duguna. Eta euskaldunduta ere bai, honezkero.
Estatu Batuetan azaroko laugarren ostegunean Esker Emate Eguna ospatzen dute (Thanksgiving, jai nazionala han), eta haren ondorengo ostirala da Black Friday. Suposatzen da Gabonetako erosketa-sasoi frenetikoaren hasiera dela egun hau, eta, bereziki, zenbait merkealdi eta eskaintza egun honetan kontzentratzen dira denda fisikoetan (ordutegiak luzatuz). Black Friday delakoaren jatorriaz, hona zenbait lotura Digg-ek bilduak.
Baina tira, kontu hau Euskal Herrira ere iritsi da. Eta ingelesezko izenarekin hasi bazen ere, honezkero euskaratu ere egin dugu. Esate baterako, Azpeitian Ostiral Beltza antolatu du bertako dendarien elkarteak, Bertan izenekoak. Txartel berezi bat edukita, eguneko erosketa guztiak %10eko merkealdiarekin egongo dira, baina are gehiago, eskaintza berezien sorta luze bat ere prestatu dute. Argitaratutako kartel hauetan, QR kode horrekin iritsiko zarete eskaintzen zerrendara.
Bueno, lana aurrezteagatik, QR kode horrek hona darama: Uztarria herriko agerkari euskaldunaren webgunera non eskaintza guztiak ikusiko dituzuen.
Beste ekimen batzuk aipatzearren:
Eta astelehenean, beste ohitura berri samar bat: Ciber Monday. Kontu bera, baina sareko merkaritza zerbitzuen kasuan. Kategoria honetan, bada nazioartean fama lortzen ari den beste egun seinalatu bat, Ezkongabeen Eguna, ohitura txinatar bat, munduko salmenta elektronikoen errekorra lortzen ari dena azken urte hauetan.
Irakurtzekoa da Wikipedian Black Friday egunari buruzko artikuluko 2008ko pasarte hau (iturria https://en.wikipedia.org/wiki/Black_Friday_%28shopping%29#Violence_and_chaos ):
2.000 erosle zeuden Wal-Mart-en denda baten kanpoan goizeko 5:00etatik zain. Irekiera-ordua gerturatu ahala urduritasuna handitzen joan zen eta atea zabaltzean bultza egiten hasi zen jendetza, sarrera-kontrolean zegoen 34 urteko langile bat harrapatuz hankazpian. Erosleak ez ziren arduratu hankazpian harrapatzeagatik eta ez ziren geratu beste lankideek laguntzeko ahalegina egin zutenean. Erosleen kexa zen denbora asko egon zirela zain gaba hotz hartan eta ez zutela gehiago itxaron nahi.