
“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera” jardunaldia antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk, Gaindegiak, Azpeitiko Udalak eta UEUk. Laugarren edizioa den honetan lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuko dira. Topaketa urriaren 10ean egingo da Azpeitian eta matrikula egiteko epea zabalik dago: www.ueu.eus
Bizkaian euskerearen egoeraz kezkatuta gagoz, lau urterik behin egiten dan kale erabilerearen neurketan atzera egiten gabiltzalako. Bilgune bat sortu gura dogu, plataforma bat, lurralde honetan euskerea bultzatzen dogun guztion artean. Datorren barikuan, irailaren 28an, arratsaldeko 17:00etan Gernikako Arbolaren aurrean batuko gara, ondoren bilera egiteko. Gonbidatuta gagoz Bizkaian euskerearen alde gagozan guztiok.
Euskeraren Jatorriak bilkura berezi bat egingo du irailaren 29an, leku berezi batean: Oñatiko Araotzeko Sandaili koban. Eta gai berezi batekin: euskeraren baitan ditugun mundu ikuskera, berdintasuna, komunitate zentzua, ekologia, gizatasuna, zientzia, inklusioa, askatasuna… Lehenengo aldiz, gure hizkuntzaren hitzik adierazgarrienei buruz berba egiteko une eta gune bat izango dugu irailean. Hau da, zeintzuk diren euskal sena zabaltzen laguntzen diguten eleak edo euskal mundu ikuskera bereganatzeko edota ondorengoei lagatzeko behar ditugun hitzak.
Oiartzun Irratiak irratsaioari eustea erabaki du, eta bigarren emanaldira iritsi gara. Arma Txio Pum hemen duzue entzungai. Gaurkoan, hiru gai jorratu ditugu, txioz txio, barrez barre, ustekabez ustekabe. Urtzi Urkizu Berriako kazetariarekin ETBren udako programazioaz aritu gara hizketan, baita udazkenetik aurrera ETB1ek euskaldunoi eskainiko digunaz. Hemen, beraz, Martin Kitto eta Urtzi Urkizu, ETBri buruz berriketan Oiartzun Irratian: "ETB, nora zoaz?". ETBk euskara eta euskal identitatea sustatzen ditu? ETB euskaldun guztientzako telebista da?
Euskal Herriko 15 gazte eta 10 sherpa gazte harremanetan jarriko dira Nepalen, Everest inguruan treking-a egiteko, urriaren 10etik azaroaren 8a bitartean. Proiektuaren helburuak dira euskara eta mendizaletasuna uztartzea eta herrien arteko elkartasuna, hizkuntza gutxituei babesa ematea, ikasleen autogestioa eta euskara munduan zabaltzea.
Shogo Komiyamak 20 urte inguru daramatza euskal taldeak Japoniara eramaten eta hango taldeak gurera ekartzen. Doraemon katu kosmikoaren auzoan bizi da. Shogoren etxea da Euskal Herriko enbaxada Japonian. Nor ez da egon han? Azken hiletan, besteak beste, Willis Drummond, Huntza eta Esne Beltzakoek ezagutu dute. Azkenak geu izan gara: Elepunto eta konpainia.
“Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean” jardunaldia antolatu du UEUk Kontseiluaren laguntza eta Euskarabidearen babesletzarekin. Alde batetik, Nafarroako zonifikazioaren ondorioak alde juridikotik aztertuko dira, eta bestetik, ikuspegi historikoa, arlo administratiboa, soziolinguistikoa eta euskararen garapenerako trabak. Topaketa irailaren 29an egingo da Iruñean eta matrikula zabalik dago (DOAN): www.ueu.eus.
Mari-Jose Azurmendik (Donostia, 1944) eskuratu du 2018ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Soziolinguistikariak “euskararekiko duen konpromisoa eta hizkuntza normalizatzeko egindako ekarpen eskerga” nabarmendu du epaimahaiak. “Ibilbide profesional eta akademiko aparta izan du eta hizkuntzaren normalizazioa bere egin du, ekarpen joria eginez euskarari” azpimarratu du epaimahaiak. Hala, besteak beste, aitzindaria izan da soziolinguistika gaietan, eta psikosoziolinguistika deitua izan den jakintza-arloa garatzen ere. Han eta hemen ibilitako emakumea izan da eta, nazioarte mailan hizkuntzaren ikerketan egindako zabalkunde lana ezaguna da.
Bizitza oso bat irakaskuntza eta ikerketari eman dio eta, emakume aitzindaria izan da hainbat arlotan; Beasaingo Alkartasuna Lizeoko lehen emakume zuzendaria izan zen, bai eta UPV/EHUko katedradun izatera iritsi den lehen emakumetarikoa ere. 2000. urtean Soziolinguistika Klusterra Elkarteko bultzagile eta sortzailetako bat izan zen. 2017an Donostiako Bagera Euskara Elkartearen omenaldia jaso zuen eta 2018ko ekaineko Eusko Ikaskuntzaren Batzar berezian, bazkide beteranoenen omenaldia Oñatin.
Abia da XIV. Koldo Mitxelena Ikerketa Bekaren deialdia, Errenteriako Udala Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntzarekin antolatzen duena. 15.000ko beka jasoko du irabazleak; lana euskaraz burutu behar da eta bere iraupena gehienez 18 hilabetekoa izango da. Aurtengo deialdiko gaiak Literatura, Hizkuntzalaritza eta Antropologia izango dira. Irailaren 1etik urriaren 31 arte egongo da zabalik deialdia. Bekaren gaineko xehetasun guztiak ezagutzeko jo hona: XIV Koldo Mitxelena Ikerketa Beka 2018.
Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi egitasmoak elkarrekin antolatu dute hizkuntza gutxituetako hedabideen topaketa hau: Txikiak Handitzen. Altsasun izanen da urriaren 20an, Nafarroa Oinez festaren bezperan.
Datorren Urriaren 8an Donostiako Zurriola Ikastolak 50 urte beteko ditu. Ospakizunen atarian, ikasturte berriarekin batera ospakizun hau irudikatzen duen logotipoa plazaratu du Zurriolak.