Dokumentala prestatu du Maider Oleaga zuzendariak, Elbira Zipitria (1906-1982) andereñoari buruz. Irakasle zumaiarra aurreneko ikastolen sortzaile izan zen, euskararen sustatzaile amorratua eta emakumeen baztertzearen aurkako borrokan ere aitzindaria. Crowfunding-a egin zuen dirua lortzeko, eta Ahotsak.eus proiektuak ere parte hartu zuen. Filma udazkenean estreinatuko dute. Trailerra prest du jada Maider Oleaga zuzendariak.
Soraluze edo Plaentziatik (bertako euskaran herriari ematen dioten izena) Deba ibaia igarotzen da, eta industrializazio handienaren garaian, 20. mendean, erabat kutsatua egon zen. Baina hura baino lehenago, “Plazentzian kultura eta bizimodu oso bat zegoen ibaiaren inguruan”, diote Tere Guenetxeak eta Leire Gineak, dokumental berri baten egileek.
Urtero bezala, aurten ere mintegi interesgarria bizi ahal izan dugu Eibarren, ...eta Kitto euskara elkarteak antolatuta. Euskararen Transmisioa izaten da urtero mintzagai. 2018ko edizio honetan ere hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen. Ahotsak-eko kideak ere hantxe izan ginen, beste batzuen esperientziak ezagutzen. Hemen kronika laburra. Gainera, ...eta kitto! elkarteak dagoeneko sarean jarri ditu mintegiko hitzaldiak.
Migel Gallastegi Ariznabarreta (Eibar, 1918). Pilotaren historiak eman duen jokalaririk handienetakoa, 40 eta 50. hamarkadetan kirol hau erabat irauli eta modernizatu zuena. 100 urte beteko ditu gaur, eta gure zorion-agur txikia bidali nahi genion Migel Handiari, ondorengo bideo honen bidez. Zorionak Migel, eta eskerrik asko guztiagatik!
Euskal Herriko Ahotsak proiektuan gure herriko ahozko ondarea biltzen dugu. Helburua, hala ere, ez da bilketa hutsa, jasotako horren hedapena baizik. Eta helburu horrekin jaio da Jira Bueltan DVDa: gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea, berriz gure artean izan daitezen, belaunaldi berrietako haur eta gazteen artean jira-jira bueltan! Betiko 50 kanta eta jolas biltzen dituen liburuxka-DVDa da Jira Bueltan labetik atera berria.
Giro ederra sortu zen ostiralean, Amasa-Villabonako jardunaldietan. Tokiko bilketa eta ikus-entzunezkoak izan ziren hizpidea: elkarrizketak eta ekitaldiak nola grabatu, nola editatu, nola gorde, nola hedatu... herri bilketaren oinarrizko gakoak, azken batean. 30 bat lagun bildu ziren Mintzola zentroan, Subijana etxean. Hizlariak, berriz, bederatzi ziren.
Zeintzuk dira euskaraz gehien erabiltzen ditugun letra edo hizkiak? Zein da euskaldunok maiztasun handienarekin darabilgun kontsonantea? Ahotsaken bildu dugun ahozko corpusa aztertu dugu (2 milioi hitz) eta hemen dituzue datu guztiak. Laburbilduz: A da letrarik ugariena (totalaren %16,53); N kontsonanterik usuena (%8,53); eta F gutxien darabilguna (%0,21).
Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea da 101 L (101 ele) proiektuaren helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta ezagutaraztea. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen hasi ginen, 2015eko maiatzean. Orduz geroztik 160 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, han eta hemen, mundu osoko jendearen lekukotasuna jasoz. Orain arte 97 hizkuntza jaso ditugu, 5 kontinenteetakoak, aimararekin hasi eta xhoserarekin bukatuz. Euskal Herriko aniztasun linguistikoa handia delako. Orain arte jasotakoaren ale bat, dagoeneko ikusgai duzue 101L.ahotsak.eus webgunean.
Gutako askorentzat Halloween festa arrotza da, azkenaldian Estatu Batuetatik telebistaren bitartez gugana iritsia. Hala da izenari dagokionez ("Halloween"), baina ez horrenbeste jaiaren izaerari dagokionez. Gure aurreko belaunaldiek antzeko ohiturak egiten zituzten Euskal Herrian (eta Europako hainbat herrialdetan), duela 40-60 urtera arte. Nagusienek ondo gogoratzen dutenez! 2013an argitaratu genuen gure lekukotasunekin osatutako bideo hau; aurtengoan azpitituluak ere ipini dizkiogu. Halloween gurea ere bada, jakina!
Ahotsak.eus proiektuko kideok, azken urte t'erdian Gasteizko Ahotsak izeneko egitasmoa burutu dugu. Hainbat gasteiztarren ahotsa jaso dugu, eta galdetu diegu ea eurek nola bizi duten euskara, ea euskarak zer leku duen Gasteizko eguneroko bizitzan, ea zer aldaketa somatu duten azken urteotan. Egindako elkarrizketak dagoeneko Interneten daude ikusgai, eta pasarte interesgarrienekin egindako ikusentzunezkoa ere sareratu dugu. Hona hemen, Gasteizko Euskararen Ahotsak.
Euskal Herriko Ahotsak proiektuan urteak daramatzagu adineko lekukoen bizipenak jasotzen eta www.ahotsak.eus webgunean erakusten. Orain, gazteek ere badute euren lekua. Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua jarri dugu abian: Gazte Gara Gazte. Euskal Herri osoko gazteak elkarrizketatu ditugu, euren aisialdiaren berri jasotzeko: zer gustatzen zaien, zer egiten duten, zeintzuk diren euren zaletasunak... Euren testigantzak eta gaika sortutako hainbat ikus-entzunezko aurki daitezke webgunean. Gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkuntza informala biltzen ere ahalegindu gara, eta jasotakoa gazte hiztegi batean sareratu dugu. Ea gustuko duzuen!
Joan zen astean aurkeztu zen Etxarri Aranazko ahozko ondarea jasotzen duen webgune berria, www.etxarrikoahotsak.com. Besteak beste, Euskal Herriko beste funts batzuetan bildutako ikusentzunezko materiala jaso da webgune honetan, esate baterako, Beleixe irratian, Nafarroako mediatekan, Navarchivon, eta Ahotsak.com proiektuan, Labrit Multimediarekin izandako lankidetzari esker. Horrela, urteetan zehar herrian jasotako lekukotasunak eta ahozko ondarea herritarren esku jarri da webgune bakar batean. Lekukotasunen zatirik handiena, azken 3 urteotan Labritek Etxarrin jasotako bideo-grabazioak dira, herriko hizkeraren eta ahozko ondarearen artxibo izango diren altxor zabala.
Duela hilabete jarri genuen martxan crowdfunding bidezko diru-bilketa Gasteizko euskararen ahotsak proiektua abiarazteko. Bidearen zatirik zailena egin dugu dagoeneko, eta hasierako aurrekontuaren %67 eskuratu dugu. Orain azken txanpan sartu gara, ea falta dena lortzeko gai garen. Proiektu honetan bidelagun izan nahi?
Jean Haritxelar euskaltzainburu ohiari eta Jose Angel Irigarai idazleari eginiko elkarrizketak aintzat hartuz, bost minutu inguruko bideo laburrak osatu eta sareratu ditugu Ahotsak proiektuan. Batak Haritxelarren biografia laburbiltzen du; besteak, kutsu tematikoagoa dauka eta Irigaraik Ez Dok Amairu musika eta kultur mugimendu handiaren inguruan eginiko azalpenak jasotzen dira.
Ahotsak proiektua guztiona da, denen eskura dago. Euskal Herriko ahozko ondarea eta ondare historikoa biltzen dihardugu, eta urrats berri bat eman nahi izan dugu kultura librearen aldeko jardunean: Ahotsak proiektuko ondaretik lagin jakinak hautatu, Wikipedia euskal entziklopedia librerako egokitu eta bertan txertatzeari ekin diogu.
Ahotsak Ahozko Corpusa izendatu dugun proiektu honen helburua da ahozko materialean oinarritutako corpus linguistiko bat osatzea. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan zehar egindako transkripzioetan oinarrituz, 1900-1950 bitartean jaiotako euskaldunen bat-bateko hizkera naturalaren ezaugarriak bildu nahi ditu.
Euskal Herriko Ahotsak proiektuan zehar makina bat gai landu eta batu ditugu gure lekukoekin. Horietako bat (nagusietako bat), 1936ko gerra izan da. Oraingoan, gerraren inguruan herririk herri jaso ditugun lekukotasunak batu, eta webgune berezitu batean erakutsi ditugu: Gerrako Ahotsak. Gerra zibila lekukoen ahotan; gerraren inguruko ikuspegi gertuko eta zuzena.
Orain gutxi Joxe Rojas Teknopatak galdera bota zuen Twitterren: "SOS: Ba al dago modurik Google Mapsen gainean Euskal Herriko 'mugak' erraz marrazteko?". Ba bai, guk egin genuen, Ahotsak.com webgunean Euskal Herriko mapa irudikatzeko eta herriak adierazteko. Duela 4 urte izan zen, baina oraindik ere interesgarria izan daitekeenez beste batzuentzat, honaxe ekarri dugu, guztiontzat jakingarri. Izan ere, egindako lana CC-by-sa lizentziapean banatu genuen orduan ere. Hona hemen, beraz, nola irudikatu daitekeen Euskal Herria (eta 7 lurraldeak) Google mapen gainean.