Teknologia albisteak

Etxarri Aranazko ahozko ondarearen webgunea aurkeztu da

Erabiltzailearen aurpegia
2014-10-31 : 15:18
Joan zen astean aurkeztu zen Etxarri Aranazko ahozko ondarea jasotzen duen webgune berria, www.etxarrikoahotsak.com. Besteak beste, Euskal Herriko beste funts batzuetan bildutako ikusentzunezko materiala jaso da webgune honetan, esate baterako, Beleixe irratian, Nafarroako mediatekan, Navarchivon, eta Ahotsak.com proiektuan, Labrit Multimediarekin izandako lankidetzari esker. Horrela, urteetan zehar herrian jasotako lekukotasunak eta ahozko ondarea herritarren esku jarri da webgune bakar batean. Lekukotasunen zatirik handiena, azken 3 urteotan Labritek Etxarrin jasotako bideo-grabazioak dira, herriko hizkeraren eta ahozko ondarearen artxibo izango diren altxor zabala.
Joan zen ostiralean izan zen aurkezpen ekitaldia Etxarri Aranazko kultur etxean. Jose Ignacio Bakaikoa herriko alkateak eman zuen lehenengo agurra, eta ondoren Eneka Maiz (udaletxeko euskara zinegotzia) eta proiektuaren koordinatzaile izan den Itziar Luri (Labrit Multimedia) izan ziren aurkezpena gidatu zutenak. 

Enekak eman zion hasiera ekitaldiari. Xabier Leteren poema ezaguna Laboaren ahotsean entzuten zen bitartean, Enekak gogoratu zuen "gu sortu ginen enbor beretik, sortuko direla besteak", eta webguneak (zein ekitaldiak), omenaldia egin nahi ziela gizaldiz gizaldi hizkuntza eta ondarea transmititu duten etxarriar guztiei, lehengoei eta oraingoei. 

Proiektuaren helburuak ere aipatu zituen, batez ere Etxarri Aranazko ahozko ondarea eta hizkera bildu eta hedatzea; hau da, etxarriarron hitzaren eta ahotsaren bidez herritarren elkarrizketak, kontakizunak, bizipenak, esperientziak, oroitzapenak eta ahozko jarduerak denon ikusgai paratzea. 

Itziar Lurik, berriz, webgunearen eta proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zituen. Labrit Multimedia izan da azken 3 urteotan herrian elkarrizketak egiten ibili dena, eta webgune berria egitea ere euren ardura izan da. Itziarrek xehetasun guztiak eman zituen eta webgunearen atal nagusiak zerrendatu. 

Webguneak 3 atal nagusi ditu. Batetik, Etxarri Aranazko toponimia biltzen duen atala dago. Horrekin batera, herriko hizkera jasotzeko egindako lanen bilduma eta zerrenda (kasu askotan PDFan jaisteko aukerarekin). Azkenik, herriko ahozko lekukotasunak daude.

Azken multzo horretarako, iturri ezberdinetatik jaso dituzte grabazioak eta lekukotasunak. Atal handiena Labritek egindako bideo-grabazioena da. Guztira 50 ordu inguru grabatu dira herriko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko. Ahotsak-ekin egindako hitzarmenari esker, material guztia ahotsak-en ere ikusgai dago, eta APIari esker udal webgunean ere txertatu ahal izan da modu errazean. Horiez gain, Beleixe irratiko eta Nafarroako Mediatekako entzungaiak ere kontsulta daitezke, eta 2012an Etxarri Aranatzen egindako herri antzerkia ere ikusi daiteke.

Webgunearen aurkezpenaren ostean, proiektuan parte hartu duten zenbait gonbidatuk hartu zuten hitza labur-labur. Nafarroako Unibertsitatearen izenean Alfredo Asiainek izena eta izanaren arteko osagarritasuna azpimarratu zuen, proiektu honek modu ezinhobean gauzatzen duena. Labriteko Gaizka Arangurenek elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen.

Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren izenean Asier Sarasuak hartu zuen hitza, eta eskerrak emateko aprobetxatu nahi izan zuen. Lehendabizi Etxarriko Udalari, Ahotsak-ekin lankidetzan jarduteko aukera eman digulako. Dagoeneko Euskal Herri osoko 70 udal baino gehiago dira Ahotsak egitasmoarekin bat egin dutenak. Bestetik, Labrit Multimediarentzat ere hitz batzuk izan zituen. Azken 10 urteotan ahozko ondarearen bilketan jardun izan dugu bi proiektuek, eta bidean hainbat aldiz ikusi dugu elkar. Pozgarria da ikustea nola elkarlanak bere fruituak ematen dituen. 

Bukatzeko, Sarasuak eskerrak eman nahi izan zizkien, bereziki, azken urteotan euren lekukotasuna utzi duten herritarrei. Izan ere, gainontzeko guztiak bitartekari izan gara proiektu honetan, baina Etxarriko egitasmo honen giltz eta muina herritarrak izan dira, euren ahotsa utzi diguten etxarriar guztiak. Eskerrik beroenak, beraz, guzti-guztiei, proiektu hau posible egitearren.

Erantzun

Sartu