Teknologia albisteak

Jira Bueltan: betiko 50 kanta eta jolas, liburuxka-DVD batean bilduta

Erabiltzailearen aurpegia
2017-11-20 : 11:15

Euskal Herriko Ahotsak proiektuan gure herriko ahozko ondarea biltzen dugu. Helburua, hala ere, ez da bilketa hutsa, jasotako horren hedapena baizik. Eta helburu horrekin jaio da Jira Bueltan DVDa: gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea, berriz gure artean izan daitezen, belaunaldi berrietako haur eta gazteen artean jira-jira bueltan! Betiko 50 kanta eta jolas biltzen dituen liburuxka-DVDa da Jira Bueltan labetik atera berria. 

Jira Bueltan: betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVDa prestatu du Badihardugu euskara elkarteak. Aurtengo Durangoko azokako nobedadeetako bat izango da. Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzetan oinarritutako bilduma bat da: adinekoek kantatutako abestiak eta azaldutako jolasak gaur egungo umeen esku jarri ditugu. Ahozko ondarearen transmisioa egitea da lan honen helburua. Gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea, berriz gure artean izan daitezen, jira-jira bueltan!

Jira Bueltan bilduman 0-12 urte bitarteko umeekin egiteko moduko kanta-jolasak daude, era askotakoak: sokasaltokoak, esku-jolasak, biribilean jarrita egitekoak, harrapaketa jolasak, ume txikiekin egiteko kantak... Material hau umeekin jolastu nahi duen edonorentzat da aproposa: guraso, hezitzaile, irakasle... 

Lau udalen babesarekin egindako lana da: Aretxabaleta, Eibar, Elgoibar eta Eskoriatza. Eta lau udalerri horietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok parte hartu dute. Izan ere, lanketa luze baten ondorioa da liburuxka-DVD hori. 2011. urtean hasi ginen ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak ikastetxeetara eramaten. Lan ildoetako bat kanta eta jolasak lantzea izan da, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan. Urtero hainbat lanketa egin ditugu aipatutako herriotako ikastetxeetan: adinekoen testigantzak helarazi dizkiegu irakasleei, kantak kantatzen edo jolasei buruzko azalpenak ematen, eta irakasleek umeekin erabili dituzte. Ondoren, gu umeak grabatzera joan gara, eta bideoak prestatu ditugu, adinekoen eta umeen grabazioak batuta. 

Aurten, jada bilduma polita genuela ikusita, liburuxka-DVDa prestatu eta kaleratzea erabaki dugu. 50 jolas, kanta-jolas eta kanta batu ditugu liburuxkan: letrak eta azalpenak, ikastetxeetako fotogramekin eta Eider Eibar marrazkilariak egindako marrazki ederrekin. Ikastetxeetarako prestatutako bideoak, berriz, DVD batean batu ditugu, eta liburuxkan sartu.

Nola eskuratu? Aretxabaleta, Eibar, Elgoibar eta Eskoriatzako udalek ikastetxeetan banatuko dute liburuxka-DVDa, Lehen Hezkuntzako 1. mailan. Eta ondoren, Durangoko azokan egongo da salgai, Badihardugu-ahotsak.eus stand-ean. Abenduaren 8an, aurkezpena egingo dugu Saguganbara aretoan. Hori bai, liburuxka-DVDko bideoak eta azalpenak sarean ere jarri ditugu, interesa duen ororen eskura, Ahotsak Ikasgelan webgunean: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hau posible egin duten guztiei. Eibar, Eskoriatza, Elgoibar eta Aretxabaletako udalei eta ikastetxeei, eta, nola ez, Ahotsak.eus proiektuan parte hartu dutenei: adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritu gara kanta eta jolasak proposatzeko. Mila esker!

Erantzun

Sartu