Euskal Herriko Ahotsak proiektuan ehundaka kilometro egin ditugu, eta beste horrenbeste lagun elkarrizketatu. Joan-etorri horietan hainbat gai jorratu ditugu, baina 1936ko gerra zibila da gure lekukoek gehien aipatzen duten kontuetako bat. Proiektuan zehar jasotako pasarte horiek bildu eta webgune berezitu batean batu ditugu: Gerrako Ahotsak.
Webgune hau 1936ko gerrari eta frankismoari buruzko testigantzen bilduma da. Historia liburuetako kontakizunak ezagutzen ditugu, baina ba al dakigu nola bizi izan zuten biktimek eta lekukoek guda eta gudaostea? Jasotako testigantzek Gerra Zibilaren beste ikuspegi bat ematen digute, gertukoa eta zuzenekoa.
1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainiako Gerra Zibila. Militarrak II. Errepublikaren aurka altxatu ziren, gobernua boteretik kentzeko. Hiru urte kostatu zitzaien, baina lortu zuten: 1939ko apirilean Francisco Franco diktadorea jarri zen aginduan Madrilen; askoz lehenago Euskal Herrian.
Gure herriak egoera zaila izan zuen hasiera-hasieratik. Nafarroan eta Araban ia oztoporik gabe nagusitu ziren jazarraldiaren aldekoak, eta laster kontrolatu zituzten bi lurralde horiek. Altxamendua hasi eta urtebete baino lehen (1937ko ekainerako) Hego Euskal Herri osoa frankisten mendean zegoen. Bederatzi hilabete horietan gerrak bizi-bizi kolpatu zituen euskaldunak. Frankismoaren errepresioak eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen.
Webgune honen helburua da gerra bizi izan zuten haien lekukotasuna jasotzea. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan jasotako testigantzen artean gerrarekin zerikusia duten interesgarrienak bildu eta "Gerrako Ahotsak" izeneko webgune honetara ekarri ditugu.
Ez da gerraren alde militarraren inguruko webgunea. Hori baino gehiago, gerra zuzenean bizi izan zuten haur eta gazte haien bizipenak biltzen dituen webgune kaleidoskopikoa da, lekuko bakoitzak bere bizipenak kontatzen baitizkigu, oroimenaren filtrotik iragan ondoren.
Gerraren inguruko alorrik nabarmenenak batzen saiatu gara, eta horietako bakoitzean hainbat lekukotasun ikusi eta entzuteko aukera izango duzu. Gerra nola hasi zen, errepresioa, ondasunen galera, hildako senideen inguruko testigantzak, gerraren alderdi militar eta administratiboa, gerra osteko giroa...
Dagoeneko 75 urte bete dira. Baina garai hura ezagutu zuten haur eta gazteek, gaur aitona-amona bihurtuta, ez digute utziko garai hartakoa ahazten.
Erantzun
Sartu