Ahotsak.eus proiektuko kideok, azken urte t'erdian Gasteizko Ahotsak izeneko egitasmoa burutu dugu. Hainbat gasteiztarren ahotsa jaso dugu, eta galdetu diegu ea eurek nola bizi duten euskara, ea euskarak zer leku duen Gasteizko eguneroko bizitzan, ea zer aldaketa somatu duten azken urteotan. Egindako elkarrizketak dagoeneko Interneten daude ikusgai, eta pasarte interesgarrienekin egindako ikusentzunezkoa ere sareratu dugu. Hona hemen, Gasteizko Euskararen Ahotsak.
Sorrera eta helburuak
Hamaika urte daramatzagu Euskal Herriko Ahotsak jasotzen: jende nagusia elkarrizketatu, eta ahozko ondarea batzen. Herri hizkerak eta memoria historikoa batzen eta zabaltzen, Ahotsak.com webgunearen bitartez. Lan handia egiten ari gara herriz herri, euskalkiak jasotzeko. Baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dago. Gasteizen, esate baterako. Horregatik, eta orain arteko esperientzia baliatuz, Gasteizen proiektu berri bat bideratu dugu: Gasteizko Euskararen Ahotsak.
Hainbat gasteiztarren lekukotzak jasotzen dihardugu. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi genuen. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan; gainera, hiriburu politiko eta kulturala bihurtu da Gasteiz. Bada ordua gasteiztarren ahotsak jaso, eta denen eskura jartzeko. Gasteiz euskalduna ezagutarazteko.
Elkarrizketak eta aurkezpena
Proiektua bideratzeko crowdfunding-a egin genuen, www.karena.eu plataformaren bitartez. 52 auzolaguntzaile izan genituen. Proiektua martxan jartzeko beharrezkoa zen finantziazioa lortu genuen horrela.
2015eko ekainean hainbat gasteiztarren lekukotzak jaso genituen, Oihaneder euskararen etxean. 13 lagun guztira. Denetik elkarrizketatu genuen, gazte zein heldu, ibilbide eta arlo ezberdinetakoak. Gehien-gehienak euskararekin lotura handia duten pertsonak dira: nola edo hala euskara sustatzen dihardutenak. Atzerritik etorri, eta Gasteizen euskaldundu denik ere bada: Jordi Serra katalana, esaterako. Eta euskal kulturako aurpegi ezagunik ere igaro da gure kamararen aurretik: Karmele Jaio zein Rikardo Arregi idazleak, Mikel Urdangarin eta Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak, Iñaki Martinez de Luna hizkuntzalaria...
Proiektuan jasotako informazio guztia gure webgunean: Gasteizko Ahotsak atalean. Elkarrizketatuen eta grabazioen datuak, biografiak, datu teknikoak,... Hala, Gasteiz gure mapara ekartzea lortu dugu.
Proiektua apirilaren 6an aurkeztu genuen, Oihaneder euskararen etxean. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, ikus-entzunezkoa aurkeztu genuen. Mahainguru txiki bat ere izan zen ondoren, Iñaki Martinez de Lunarekin batera.
Orain arteko emaitzak: ikusentzunezkoa eta pasarteak Youtuben
Gasteizko euskararen ahotsak ikus-entzunezko batean bildu ditugu, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko. 27 minutuko iraupena dauka, eta sarean dago, interesa duenaren eskura. Dokumentalaz gainera, elkarrizketatuen bideo pasarte batzuk ikusgai daude dagoeneko gure webguneko Gasteizko orrian, eta baita Youtubeko gure kanalean ere, gaika sailkatutako bideo hauek: Gasteizko Ahotsak Youtuben.
Aurrera begirako asmoak
Gasteizen elkarrizketa gehiago egiteko asmoa daukagu, orain arte jasotakoa lagin txiki bat delako. Adin eta arlo ezberdinetako gasteiztarrak elkarrizketatu nahiko genituzke epe laburrera, euskararen ahotsak behar bezala jaso eta zabaltzeko.
Orain arte egindako elkarrizketak gehiago lantzea ere nahiko genuke, eta lekukoen bideo pasarte on denak identifikatu eta sarean jartzea; orain arte zati txiki bat besterik ez baitugu erakutsi.
Eskertzak
Albisteak hedabideetan eta informazio osagarria
Erantzun
Sartu