Teknologia albisteak

"Gasteizko euskararen ahotsak" proiekturako %67 lortuta. Zuk ere laguntzerik nahi?

Erabiltzailearen aurpegia
2014-07-18 : 10:08

Duela hilabete jarri genuen martxan crowdfunding bidezko diru-bilketa Gasteizko euskararen ahotsak proiektua abiarazteko. Bidearen zatirik zailena egin dugu dagoeneko, eta hasierako aurrekontuaren %67 eskuratu dugu. Orain azken txanpan sartu gara, ea falta dena lortzeko gai garen. Proiektu honetan bidelagun izan nahi?

Ekainaren 18an jarri zen martxan www.karena.eu euskarazko lehenengo crowdfunding plataforma, eta honekin batera baita Gasteizko euskararen ahotsak proiektua ere. Gasteizko euskarak ere baduela ahotsik erakutsi nahi dugu proiektu honetan. Izan ere, orain artean, herri-hizkera jaso izan dugu Ahotsak.com-eko testigantzetan, baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizi-bizirik dagoela erakutsi nahi dugu. Gasteiztarren lekukotasunak ere bildu nahi ditugu, euskara nola bizi duten jakiteko, euskaraz nola bizi diren ezagutzeko.

Bide erdia baino gehiago egin du dagoeneko proiektuak, baina oraindik ere jendearen bultzada behar dugu helmugaraino iristeko. 10 egun geratzen zaizkigu proiektua martxan jartzeko behar dugun dirua eskuratzeko. Bultzada eman nahi? Hementxe duzu aukera: www.karena.eu/proiektua/gasteizko-euskararen-ahotsak

Bide batez, eskerrik beroena orain arte euren laguntza eskaini diguten dozenaka lagunei. Mila-mila esker!!!


Gasteizko euskararen ahotsak

Hamaika urte daramatzagu Euskal Herriko Ahotsak jasotzen: jende nagusia elkarrizketatu, eta ahozko ondarea batzen. Herri hizkerak eta memoria historikoa batzen eta zabaltzen, Ahotsak.com webgunearen bitartez. Lan handia egiten ari gara herriz herri, euskalkiak jasotzeko. Baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dago. Gasteizen, esate baterako. Horregatik, eta orain arteko esperientzia baliatuz, Gasteizen proiektu berri bat bideratu nahi dugu: Gasteizko Euskararen Ahotsak.   

Hainbat gasteiztarren lekukotzak jasoko ditugu. Batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi dugu. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Eta euskarazko ahots horiek guztiak ikus-entzunezko batean bilduko ditugu, Gasteizen euskara bizi-bizirik dagoela erakusteko.

Euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan; gainera, hiriburu politiko eta kulturala bihurtu da Gasteiz. Denetariko euskaldunak elkarrizketatu nahi ditugu: ezagunak eta ezezagunak, gazteak zein adinekoak. Bada ordua gasteiztarren ahotsak jaso, eta denen eskura jartzeko. Gasteiz euskalduna ezagutarazteko.

Erantzun

Sartu