Kultura librean sinesten dugu. Euskal Herriko ondarea guztiona da eta uste dugu diru publikotik eratorritako laguntzei eskerrak gauzatzen diren proiektuak herritar guztien eskura jarri behar direla.
Ahotsak proiektu irekia da eta edonork har dezake parte: webgunean ekarpenak eginez, materiala lantzen lagunduz, partekatuz eta abar. Erabiltzen dugun lizentzia librea da, material oro cc-by-sa lizentziapean banatzen baitugu (Aitortu, Partekatu baimen berberarekin).
Ahotsak egitasmoa egunez egun handitzen doan artxiboa da eta Wikipedia entziklopedia askean tokia izan dezakeela iruditu zaigu. Beraz, webgunean jasota ditugun bideoak egokitu eta Wikipedian txertatzeko lanetan hasi gara, pixkanaka.
Lehenengo emaitzak ikusgai daude dagoeneko. Esate baterako, duela gutxi sortutako Hainbat herriren laburpen bideoak, Eibar, Elgoibar eta Zestoa herriei dagozkien Wikipediako fitxetan txertatutakoak. Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi euskal idazle eta hizkuntzalariak Wikipedian duen sarrerari Ahotsak.com-era jasotako pasarte baten bideoa gaineratu diogu. Euskalkiei buruzko sarrera ere, iaz hainbat pasarterekin osatutako bideo batekin jantzi dugu, besteak beste.
Eibarko ahozko ondarea:
Txillardegi:unibertsitatearen hasiera eta militantzia politikoaren hastapenak:
Aurki, Ahotsak proiektuaren baitan elkarrizketatutako pertsona “ezagun” gehiagori buruzko laburpen bideoak sortu eta sareratuko ditugu, Wikipediako sarrerak osatzen segi asmoz.
Lan zoragarria!
Euskal Herriko historiaren atalak erakusten dituzten dokumentu multimediak txertatuz, ekarpen oso interesgarria egin diozue Wikipediari.
Eta, era berean, Ahotsak.com ekimenak bere ondareak zabaltzeko bozgorailu indartsuena irabazi du.
Ondo pentsatuta eta ondo eginda.
Testuan Jose Luis Alvarez "Esperantza" ageri da.