Teknologia albisteak
2

"Halloween, euskal festa?", bideoa orain azpitituluekin

Erabiltzailearen aurpegia
2016-10-31 : 09:32

Gutako askorentzat Halloween festa arrotza da, azkenaldian Estatu Batuetatik telebistaren bitartez gugana iritsia. Hala da izenari dagokionez ("Halloween"), baina ez horrenbeste jaiaren izaerari dagokionez. Gure aurreko belaunaldiek antzeko ohiturak egiten zituzten Euskal Herrian (eta Europako hainbat herrialdetan), duela 40-60 urtera arte. Nagusienek ondo gogoratzen dutenez! 2013an argitaratu genuen gure lekukotasunekin osatutako bideo hau; aurtengoan azpitituluak ere ipini dizkiogu. Halloween gurea ere bada, jakina! 

Telebistak ekarritakoa dela, edo filmen bidez Europara heldu den ohitura arrotza, amerikarren kolonialismoaren beste urrats bat,... Bada, gure nagusienei galdetuz gero, garbi esango digute ezetz, duela 40-60 urtera arte oso ohitura zabaldua zela Euskal Herriko eskualderik gehienetan (edo guztietan) pelikula amerikarrek bistaratzen duten hori: kalabazak hustu, kandelak sartu barruan, auzokideak izutu, mamu-jantzi,...

Izena bai berria, Halloween (baita ospakizunen inguruan sortzen ari diren zenbait ohitura komertzial berri), baina gure artean antzinatik datorren usadioa da kalabaza, susto eta enparauena. 

2013an argitaratu genuen goiko bideoa, ordura arte herririk herri jasotako lekukotasunen bildumarekin. Harrezkero 15.000 lagunetik gora ikusi dute bideoa. Aurtengoan berrikuntza txiki bat ere erantsi diogu: azpitituluak.

Luistxo Fernandezek egin ditu euskarazkoak eta gaztelaniazkoak; Ana Moralesek ingelesezkoak. Mila esker bioi! Beste hizkuntza batzuk ere bidean datoz (frantsesa). Beste inork ere beste hizkuntzaren batekoak egin nahiko balitu, pozez jasoko genituzke. 

Erantzunak

2016-10-31 : 12:07

Hemen daude Halloweeneko bideoko azpidatziak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez inork jaitsi nahi baditu eta beste bertsioren bat osatu: http://azpitituluak.com/euskaraz/1303249011

Aupa, hori guzia oso nabarmena izan da Leitza herrian eta inguruan. Gure aurreko zaharrek oso gogoan dute nola prestatzen ziren kalabazak negu partean jendea izutzeko eta abar. Gainera, jende askok sinesten zuen sorginengan eta abar. Eta izpirituak ere agertzea normala zen, baldin eta baten bat hiltzen bazen egoera berezi samarrean. Ondoren, aingeruen gisan, txuri-txuri jantzita agertzen ziren hildakoak familia bizi zen etxean edo baserrian. Gehiago jakiteko jo ezazu leitzakultura.eus webgunera.

Erantzun

Sartu