Teknologia albisteak

Gazte Gara Gazte: gazteen aisialdia eta hizkuntza lotzen dituen proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
2016-03-16 : 11:18

Euskal Herriko Ahotsak proiektuan urteak daramatzagu adineko lekukoen bizipenak jasotzen eta www.ahotsak.eus webgunean erakusten. Orain, gazteek ere badute euren lekua. Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua jarri dugu abian: Gazte Gara Gazte. Euskal Herri osoko gazteak elkarrizketatu ditugu, euren aisialdiaren berri jasotzeko: zer gustatzen zaien, zer egiten duten, zeintzuk diren euren zaletasunak... Euren testigantzak eta gaika sortutako hainbat ikus-entzunezko aurki daitezke webgunean. Gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkuntza informala biltzen ere ahalegindu gara, eta jasotakoa gazte hiztegi batean sareratu dugu. Ea gustuko duzuen! 

Badihardugu Euskara Elkarteak urteak daramatza ahozko ondarea jaso eta hedatzen Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren baitan. Orain arte adineko jendea elkarrizketatu izan dugu. Euren bizipenak eta hizkera jaso eta, landu ostean, www.ahotsak.eus webgunean zintzilikatuz. Orain, gazteei ere lekua eman nahi izan diegu, eta euren ahotsa jaso eta zabaltzeko asmoz, aisialdira bideratutako proiektu bat abiarazi dugu: Gazte Gara Gazte. Besteak beste, gazteen euskararen ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragitea du helburu. Horretarako, Euskal Herri osoko gazteen hizkera jasotzeari ekin genion 2014an, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak?

Bi urte hauetan 80 hiztunetik gora elkarrizketatu ditugu. Gazteak gehienak, baina baita gazteekin lanean dihardutenak ere. Ezezagunak batzuk; ezagunagoak beste makinatxo bat. Euskal Herriko 7 lurraldeetako lekukoen hitza jaso dugu. Zaletasun desberdinak dituzten gazteak hautatu ditugu: mendizaleak, musikariak, bertsolariak, aktoreak, futbolzaleak, rallyzaleak... Eta euren aisialdiaz eta ohiturez galdetu diegu. Helburua, beste gazte batzuei euskarazko ereduak ematea eta interesatzen zaizkien gaien inguruko informazioa euskaraz jaso ahal izatea, modu erakargarrian. Aitor Errazkin Badihardugu Elkarteko kidea izan da proiektuaren arduradun nagusia, eta berak egin ditu elkarrizketa gehienak.

Gazte Gara Gazte webguneak atal desberdinak ditu. Batetik, Ahotsak proiektuko metodologia erabiliz, egindako elkarrizketak herrika eta gaika sailkatu ditugu eta webgunean katalogatu. Pasarte horietako asko sareratu ere egin ditugu; webgunean dituzue ikusgai.

Bestetik, Gazte hiztegia ere osatzen dihardugu. Azkenaldian gero eta zabalduagoa dago euskalgintzan, euskarak batez ere lagunarteko erregistro informalean dituela ajerik nabariekin. Proiektu honetan zehar, gazteek eurek sortzen eta erabiltzen dituzten esamoldeak, irainak, biraoak,... jaso ditugu, fitxa lexikalen bidez (hitza, adierak, argazkia, bideoa, bestelako loturak...). Dagoeneko 752 sarrera ditu hiztegiak, baina hitzak gehitzen jarraitzen dugu etengabe. Gainera, erabiltzaileek ere aukera dute iruzkinak gehitu edo ekarpenak egiteko.

Azkenik, Bideoteka atala aipatu behar dugu. Gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak harturik (teknologia berriak, musika, rallyak, parrandak, hizkuntza,...) 10 ikus-entzunezko prestatu ditugu eta bertan eskegi. Hona hemen musikaren inguruko ikus-entzunezkoa, adibiderako:

 

Erantzun

Sartu