Orain gutxi Joxe Rojas Teknopatak galdera bota zuen Twitterren: "SOS: Ba al dago modurik Google Mapsen gainean Euskal Herriko 'mugak' erraz marrazteko?". Ba bai, guk egin genuen, Ahotsak.com webgunean Euskal Herriko mapa irudikatzeko eta herriak adierazteko. Duela 4 urte izan zen, baina oraindik ere interesgarria izan daitekeenez beste batzuentzat, honaxe ekarri dugu, guztiontzat jakingarri. Izan ere, egindako lana CC-by-sa lizentziapean banatu genuen orduan ere. Hona hemen, beraz, nola irudikatu daitekeen Euskal Herria (eta 7 lurraldeak) Google mapen gainean.
Ahotsak.com webgunerako sortu zitzaigun beharra. Elkarrizketak egiten ari ginen herriak mapa batean marraztu nahi genituen, baina puntuak bakarrik sartuta triste samar geratzen zen. Euskal Herriko mugak ere marrazu nahi genituen, besteak beste lurraldetasun erreferentzia ere emateko proiektuari. Nola egin, ordea? Nola marraztu Euskal Herria? Nondik atera datuak?
Datu hoiek guztiak egon, badaude, noski. Erakunde publikoek dituzte. Baina sarean bila jardun ondoren, ez genuen lortu inon aurkitzerik, formatu egokian eta libre. Gainera, lurraldetasun arazoa ere badago:
Ganoraz erabiltzeko moduko daturik ez, beraz. API publikorik, ez. Adibide eta kode zati errazik, are gutxiago. Geografia publikoa ez da horren publikoa ere. Betiko leloa. Askoz lehenago ikusiko ditugu datuok Googleren APIren batean, edo Geonames-en, adibidez. Baina, momentuz, haietan ere ez dago ezer.
Orduan, zergatik ez geuk egin? Posible ote? Ez dugu detaile haundi-haundirik ere behar. Pazientzia hartu eta markatzeari ekin genion, mapa baten gainean Tagzania erabilita. Batez ere, Asier Sarasuak egin zuen lan hori, markatutako bideetan ikusten denez. Milaka puntu sartu beharra zegoen, eskuz (herrialde guztien arteko mugako lerroak definitzen dituzten milaka puntuak). Ondorengo garapena, datuen erabilera, kodifikazioa eta mapeatzea, berriz, Codesyntaxeko teknikari Josu Azpillagak borobildu zuen, ondo borobildu ere.
Entretenitua izan zen lana, baina zailtasunak ere bazituen (eskuzko lana izaki):
Mapa ahotsak.com-en ipini genuen, noski, Euskal Herriko herriak eta elkarrizketak erakusten diren atalean. Baina, horko lan eta puntu guztiak apur bat txukundu eta lehen aipatutako helbide horretan ere jarri genituen:
Hor dauzkazue, eskura, Euskal Herriko muga definitzen duten 5300 puntuak, probintzietako beste milaka puntuak, autonomia elkartekoak... Adibide pare bat ere ematen ditugu, javascript pixkatekin.
Zure webgunean Google mapa bat sartu eta han Euskal Herria edo probintziaren bat marraztu nahi baduzu, hartara, orri honetan aurkituko duzu behar duzun guztia: http://ehmapa.googlepages.com/
Adibidea: http://ehmapa.googlepages.com/mapa_guztiak.html
Erantzun
Sartu