Teknologia albisteak

#101L: Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna bistaratzeko proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
2016-12-20 : 10:20

Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea da 101 L (101 ele) proiektuaren helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta ezagutaraztea. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen hasi ginen, 2015eko maiatzean. Orduz geroztik 160 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, han eta hemen, mundu osoko jendearen lekukotasuna jasoz. Orain arte 97 hizkuntza jaso ditugu, 5 kontinenteetakoak, aimararekin hasi eta xhoserarekin bukatuz. Euskal Herriko aniztasun linguistikoa handia delako. Orain arte jasotakoaren ale bat, dagoeneko ikusgai duzue 101L.ahotsak.eus webgunean. 

Galdera batekin eta hitz-joko batekin hasi zen dena: Zenbat hizkuntza egiten dira Euskal Herrian? 101L? Eta galdera horri erantzun nahian, gure lurralde txiki honetan mintzo diren 101 ele jasotzen hasi ginen. Azken batean, Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak ezagutaraztea da proiektu honen helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta erakustea. Aniztasun hori ezkutuan dagoelako; elkarren ezagutza txikia delako. 101 L proiektua Donostialdean abiatu genuen eta pixkanaka beste herri batzuetara zabaltzen doa. Jatorri askotako pertsonak ari gara elkarrizketatzen eta, hizkuntzekin batera, haien esperientziak eta iritziak jasotzen ditugu, batez ere 2 gairen inguruan: emigrazioa eta integrazioa.

2015eko maiatzean hasi ginen proiektuarekin, Olatu Talkaren barruan, Donostiako Boulevardean karpa bat jarrita. Bertan, karpara gerturatu zirenak elkarrizketatu genituen. Horixe izan zen abiapuntua. Harrezkero, Euskal Herrian bizi diren ehundik gora lagunen lekukotasunak entzun eta jasotzeko aukera izan dugu. Eurek kontatu digute nolakoa den euren hizkuntza, zein egoeratan dagoen euren herrialdean, nola bizi duten eleaniztasuna, zergatik etorri ziren Euskal Herrira,... Plazer bat izan da guztien lekukotzak entzun ahal izatea eta eskerrik beroena ematen diegu guztiei.

2015eko maiatzean Olatu Talkarekin hasitako ibilbideak, DSS2016eko Energia Olatuak programaren diru laguntza jaso zuen, herri epaimahaiaren eskutik. Hala, proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dugu. 2016eko maiatzean bigarrenez parte hartu genuen Olatu Talkan, Groseko Katalunia plazan. Eta ekainean, berriz, autokarabana batean egin genituen elkarrizketak, bost egunez, Donostiako bost tokitan. Erakusketa txiki bat ere antolatu genuen.

Hainbat elkarte eta norbanakok kontaktuak egiten lagundu digute, eta elkarrizketa asko hiztunekin hitzorduak jarrita egiten ari gara. Gehienak Donostiako Okendo kultur etxean eta Tabakaleran. Zumaiako Alondiga kultur etxean ere elkarrizketa ugari egin ditugu, Zumaiako Udalak eskatuta. Eta beste herri batzuetan ere egin ditugu zenbait, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gipuzkoa Anitz proiekturako adibidez. Pixkanaka-pixkanaka proiektua sendotzen doa.

Hemendik aurrera ere elkarrizketekin jarraitzeko asmoa dugu, eta jasotako guztia lantzen eta editatzen ere jarraituko dugu. Baina dagoeneko prest dago proiektuaren webgune izango dena, 101L.ahotsak.eus eta bertan aurkitu daiteke orain arte landutako materiala, dozenaka bideo-pasarterekin eta Euskal Herrian mintzo diren hizkuntzen lekukotasunekin. Pare bat bideo txiki ere editatu eta sareratu ditugu, datorren otsailean aurkeztuko dugun ikusentzunezkoaren aurrerapen gisa.

Erantzun

Sartu