Internet Archive webgune eta proiektuak (Archive.org) 30 urte bete zituen joan den igandean, maiatzaren 10ean. Bere lehen funtzioa izan zen Interneteko webgune eta orrien hemeroteka bat osatzea, une jakinetan "argazki" modukoak artxibatuz. Hori egiten jarraitzen dute, baina beste artxibatze / dokumentatze aukera askoren artean bat gehiago da orain eta zehazki Wayback Machine deritzo tresnari orain, "Atzera-begirako Makina". 30 urteak 1996ko atzera-begirako blog sarrera batekin ospatu dute, baina era berean beraien funtzio eta etorkizuna zalantzan dago, Interneteko argitaratzaile batzuek ateak itxi nahi dizkiotelako Internet Archiveri.
PUNTUEUSek .eus domeinuaren eta euskal Interneten errepaso sakona aurkeztu du; horretarako, elkarren artean osagarri diren bi ikerketatren emaitzak zabaldu ditu: CIESek egindako merkatu-pertzepzioaren azterketa eta PUNTUEUS Behatokiaren urteroko txostena. CIESen azterketaren arabera, Euskal Herriko erakundeen % 78k ezagutzen du .eus domeinua, eta identitatearekin (8/10) eta komunitatearekiko konpromisoarekin (7,6/10) lotzen dute. PUNTUEUS Behatokiak inoizko datu zehatzenak lortu ditu: Euskal Herriko webguneen % 20k du edukiren bat euskaraz, % 74k .EUS webguneetan .eus domeinua % 4,6 hazi da 2025ean, 16.393 izen lortuta; mundu mailako domeinuen hazkundea (% 1,2) ia laukoiztu du.
Bi urtetik behin antolatzen du UEMAk Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. Aurten tokatzen da, eta gaur zortzi egingo da, datorren maiatzaren 16an, Otxandion.
Wikipediaren irudi eta fitxategi bildumak, Wikimedia Commons-ek, bere urteko argazki onenen lehiaketaren emaitzak jakinarazi ditu. Hilabete batzuetako hautaketa prozesuaren ondoren (ikusi proposamenak, ikusgarriak dira), hiru hautatu dituzte.
Taupa euskaltzale mugimenduaren ekimenez antolatu da Eusfera ekimena aurten, eta bere aplikazio praktikoa, Euspazioak deitu izan dituztenak antolatzea, atzo hasi zen, eta maiatzaren 17a arte luzatuko da. Zera dira espazio hauek: Euskaraz gozatzeko familientzako elkarguneak sorrzea. Euskaraz jakin ala ez, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei (edo guraso rola betetzen duten helduei) daude zuzenduak.
Egunean Behin jokoaren 21. denboraldia maiatzaren 11ren eta uztailaren 12aren artean jokatuko da, 9 asteko lehian. Ohiko asteko babesletzak eta sariak izango dira, eta denboraldikoak ere bai, kasu honetan Tokikom toki komunikabideen bateraguneak babestuta.Tokikom eta bere hedabideen partaidetza beste ekimen batean ere gauzatuko da: 10 hedabidek eta beren eskualdeetako partaideek elkarren arteko lehiaketa propioan arituko dira. Tokikom Liga izango da hori.
Panoramax da Google Street View libre bat, hau da, errepide eta kale jakinetako bista/argazki mugikor, panoramiko horiek bildu eta erakusteko toki bat. Oso estaldura txikia du konparatuta Googleren zerbitzuarekin, baina Ipar Euskal Herrian dexentekoa da Baiona eta Angelu aldean bereziki. Probatu hemen, adibidez.
Carlos Garaikoetxea, frankismoaren ondorengo lehen lehendaria, eta Eusko Alkartasunaren sortzailea, 87 urterekin hil da gaur bihotzeko baten ondorioz Iruñeko bere etxean.
Proposamen batekin dator X10 kale-artista euskalduna: maiatzaren 7an, Azpeitiko Dinamoan, kale-arte tailer bat emango du. Bere ibilbideko adibide batzuk ikusi ostean kalera irtengo dira artistagaiak, begirada apur bat landu eta kaleak eskeintzen duenarekin jolastera. Bi ordu arratsaldea aprobetxatzeko, ez da aurretiko esperientziarik behar.
Kontseiluak abenduan antolatutako Pizkundea ekimenean iragarri zuten euskaltzaleon aktibaziorako beste urrats / ekitaldi publiko bat ekainean antolatuko zutela. Aste honetan jakinarazi dute zer izango den datorren hilerako deitutako Euskaltzaleon Martxak zer forma hartuko duen: Hiru aldarriren inguruan gauzatuko den ekitaldi bat, hiru zutabeko martxa bat, "euskaraz bizitzeko behar den dena" eskatzeko. Ekainaren 13an da hitzordua Iruñean.
Berriak mahai inguru bat antolatu du maiatzaren 5erako, Donostiako San Telmo museoan (18:30etan), izenburu honekin: "Pantailetara lotuak / zenbateraino eragiten diote pantailek gazteen buru osasunari?"
Adimen artifizialekio (AA) laguntzaileekin, aldaketak ari dira gertatzen. GitHub Copilot, Anthropic, Cursor... enpresa erabilpenean gora doaz, baina lehen proba eta sarkuntza fase baten ondoren, kontsolidazio garaian AA "merkearen" edo doakoaren aroa amaitzen ari dela dirudi.
Googlen bilatzen baduzue "6 7", hau da, sei-zazpi, edo ingelesez six-seven, emaitzez gain ezker eskuin gora-behera mugitzen den pantaila batekin egingo duzue topo, bai mugikorretik eta bai webgunean. Egin aproba hemen klikatuz. Eta zer da sei zazpi hau? Ba gazteen gauza bat.
Adimen artifizialeko (AA) Latxa euskal eredua publikatu zutela denbora da jada, eta oraindik ere eskala handian ez dute publiko orokorrarentzat martxan jarri, baina txataren webgunean kontua sortuz gero eta baimena eskatuta erabili daiteke, eta proiektua aurrera doa, apiril honetan gehitutako funtzio inportanteekin (dokumentu karga eta itzultzailea) eta interfaz berrikuntzarekin.