Teknologia albisteak

Greetings Professor Falken, berriz gerra nuklearrera jokatzeko prest?

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 09:53

Londresko King's College unibertsitateko ikertzaileek egin duten azterketa baten arabera, krisi geopolitiko eta belikoen simulazioetan jarritako adimen artifizialek (AA) eraso nuklearra gomendatzen dute azkenean kasuen %95ean. Emaitza komentatzeko filma ezagunak ekarri dituzte batzuek gogora,Terminator saileko Skynet sistema (gizakien kontrako eraso nuklearra agindu zuena armen kontrola eman zitzaionean), eta WarGames-ekoa (1983), non halako adimen artifizial batek jolasean bezala ia eraso nuklear masibo bat agintzen duen. Azkenengo horrek memoria pixkat freskatu dit, nola Professor Falken hark programatu zuen jolas hura, "Gerra Termonuklear Globala", erabili izan nuen duela 20 urte analogia bat egiteko teknologiaren erabileraz eta euskaraz... Argitu dezadan: Oso zentzu desberdinarekin orain kontuak duen jite ilunarekin. Esplikazioa jarraian.

 

WarGames Internet aurreko filma da, 1983koa. Baina ordenagailuak elkarrekin konektatu daitezkeen mundu baten hastapena abentura eta intriga kutsu oso zorrotzez marrazten du, hacker izatearen agerpen ez negatibo batekin gainera. Film entretenitua da, gomendagarria.

Zera da kontua. Institutuko mutil azkarra etxeko ordenagailutik eta telefono-modemarekin beste ordenagailu batzuekin lotzen da, adibidez eskolako notak hobetzeko (eta horrekin neska bat liluratzeko). Halako batean, urrutiko gailuekin konektatu nahian dabilela, bere trukoek ezin gainditu dezaketen sistema bat aurkitzen du. Alferrik dira bere hacker abileziak, harik eta, ondoan nuen neska inpresionatzeko agian, segurtasunezko blokeo eta giltzarrapoak gainditu ditzakeen errekurtso bat probatzea okurritzen zaion: jokoak eskatzea urrutiko makinari. Zentzurik ez duen gidoi-premisa bat da, baina funtzionatzen dio, eta makinak orduuan erantzuten dio.

  • Greetings Professor Falken, Shall we play a game? Kaixo Falken profesorea, jokatuko dugu partidatxoa?

Hau da, makinak bere programatzailearekin (Falken delako hura) topo egin duela uste du (edo horretarako dago prestatua), eta jolastu nahi du. Hacker gazteak, Matthew Broderickek, hurrengo interakzioan joko zerrenda eskatzen dio Falkenen posizioa hartuta, zertan jolastu erabakitzeko. Klik eman, eta hor dator joko zerrenda:

  • Hiruko artzain-jokoa (tic tac toe euskaraz)
  • Damak
  • Xakea
  • Poker
  • Gerra-hegazkinen borroka
  • Gerrilak
  • (...)

Gero eta joko edo ariketa belikoen zerrenda konplikatuago eta izugarriagoa, eta azkenean dator aukera potoloena, espazio baten hutsak nabarmenduta:

  • Global Thermonuclear War. Gerra termonuklear globala.

Aurkezpen batean baino gehiagotan erabili nuen duela 20 / 25 urte eszena honen deskribapena (adibidez hemen), analogia bat aurkezteko, kontu belikoekin zerikusirik ez zuena. Nire planteamendua zera zen: Euskaldunok Interneteko eta teknologiekin topo egiten dugunean, mundu berri bat agertzen zaigunean konektatzeko, zein joko aukeratu behar dugu eskaintzen zaigun zerrendan?

Matthew Brodericken pertsonaiak zein joko aukeratu zuela uste duzue?

Nire proposamena zera zen, Broderickek hautatu zuena (gerra termonuklear globala, esan gabe doa), aukeratu behar genuela euskaldunok ere. Interneteko eta teknologien menuan, aukeretan, ez jokatzea txikira, baizik eta handira, joko global eta interesgarrienetan barneratzea lotsarik gabe, beldurrik gabe, ausart.

Balio dit analogiak 2026 honetan? AA batekin konektatu pantaila bidez eta, simulazio batean bada ere, gerra termonukleararri ekiteko gomendioa eskain diezazukenean? Edo are gehiago, batzuek apustu sistemak jarri dituztenean martxan (Polymarket aurkeztu genizuen lehengoan) non eztanda nuklearrak aurten gertatzen posibilitatearekin dirua irabaz daitekeen?

Segitzen dut pentsatzen handira jokatu behar dugula, ausart, baita AA esparruan ere. Baina agian beste analogia bat bilatu beharko dut hori azaltzeko. Barkatuko didazu, Falken profesorea.

Muinera etorrita, King's Collegeko ikerketa.

Erantzun

Sartu