Haur eta Gazte Literatura elkartea. Children Books Association
Haur eta Gazte Literaturari buruzko Behinola aldizkariak aro berria hasi du. Guraizeak eskura izanik irakurtzera gonbidatzen zaitu. Izan ere, Behinola berrituak irakurtzeko ez ezik, beste zenbait erabileratarako aukera ere emango du: orriak aldizkaritik askatu, azala-kontrazala poster moduan erabili, orrialdeak moztu...
"Irakurri, sakatu REC eta parte hartu!" lelopean Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gipuzkoako 12 eta 16 urte bitarteko gazteak animatu nahi ditu Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan lehiaketan parte hartzera. Deialdia zabaltzeko bideoa zintzilikatu du youtubeko Liburu Gaztea kanalean.
Aurten 1650 bat ikaslek hartuko du parte Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan. Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Liburu Gaztea Sariaren baitan, bigarren urtez jarraian, Book Trailer Lehiaketa antolatu du eta Gipuzkoako 20 ikastetxetako DBHko 1.650 ikaslek eman dute izena. Ikasturte honetan ere, Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat hautatu, irakurri eta horri buruzko bideo bat, book trailer bat sortu beharko dute parte hartzaileek.
Kalean da 2012-2013 ikasturteko Liburu Gaztea book trailer lehiaketako irabazle zerrenda dagoeneko. (Hau da 6 kategorietako batean irabazlea, Koldo Zuazoren 'Neure buruaren alde' eleberriarekin Oiartzungo Xabi Belaunzaranek egina).
Dokumentazio Gunea izeneko atal berri bat jarri du martxan Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak www.galtzagorri.org-en. Bertan, euskarazko Haur eta Gazte Literaturan argitaratzen diren liburuen inguruan prentsan egiten diren kritika literarioak hilez hil biltzeaz gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren liburuen giden bilduma eta Haur eta Gazte Literaturaren inguruko Bibliografia jasoko dugu. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua bideratzen jarraituko du Galtzagorrik bere web orrialdetik.
Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatzen duen Liburu Gaztea lehiaketa aurten booktrailer lehiaketa bihurtu da, eta ikastetxeek ez ezik, 12 eta 16 urteko edonork har dezake parte bertan. Horretarako, Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri eta horri buruzko booktrailerra bidali beharko dute Liburu Gaztea web gunera, Igo zurea atalean sartuta.
Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin sortutako Klis-klasikoak liburu-sortako aurtengo hiru liburu berriak aurkeztu dira gaur: Amattoren Uzta, Tom Sawyer-en abenturak eta Elmer. Haur eta Gazte Literaturako berrargitalpen bat eta bi klasiko unibertsal euskaraz. Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Sotoan izan da aurkezpen ekitaldia eta bertan izan dira Aitziber Alonso Galtzagorri Elkarteko lehendakaria, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea eta argitaratutako liburuen egile, itzultzaile, ilustratzaile eta moldatzaileak.
Azaroaren 26an hasiko dira IV. Marraz(i)Oak Ilustratzaile Berrien Topaketak. Aurten ilusionismoa landuko dute parte hartzaileek Elena Odriozola ilustratzaileak eta Gustavo Puerta irakasle eta literatur kritikari ezagunak gidatutako saioetan. Izan ere, "Ilusionismoa: Aurrezinetik Ilustratzen" lelopean burutuko da tailerra Azaroaren 26tik 30era, Artelekun.
Gaur eman dute jakitera 2012ko deabilen ela saria: Joxe Azurmendi idazleak jasoko du Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian, azaroaren 5ean, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek (Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak) urtero ematen dute sari hau liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.
Abian da 2012-2013 ikasturteko Liburu Gaztea Saria eta aurten 22 ikastetxek eta 1.000 ikasle baino gehiagok hartuko du parte booktrailer lehiaketan. Izan ere, aurten sari honetan zenbait aldaketa izan dira. Hemendik aurrera parte hartuko duten ikasleek irakurtzen duten liburuari buruzko booktrailerra egin beharko dute eta horiek izango dira lehian sartuko direnak, ikasleek martxoaren 15etik aurrera onenak hautatu beharko dituzte.
Teknologia berriek garrantzi berezia hartuko dute aurtengo Liburu Gaztea lehiaketan: parte hartzaileek booktrailer bat prestatu beharko dute, irakurritakoari buruzko bideo bat.
Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin urtero antolatzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoak abian dira. Aurten, guztira, 70 bat eskola txikitara iritsiko dira liburuz betetako altxorren kutxak. Izan ere, eskola horiek baliabide gutxi izaten dituzte sarri liburu eta liburutegien dinamizaziorako. Liburu mailegu zerbitzu mugikor honekin premia horri erantzuten dio GALTZAGORRI Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Era berean, zerbitzu hau baliatzen du irakurzaletasuna sustatzeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik hasita.
Galtzagorri Elkarteak, Etxepare Institutuaren eta OEPLIren languntzarekin "Paperean hegan / Flying Over Paper" ikuskizuna antolatu du Londresen egingo den IBBYren Nazioarteko Kongresurako. Patxi Zubizarretak, Jokin Mitxelenak, Gema Arrugaetak, Joserra Senperenak, Maddi Oihenartek eta Idoia Noblek hartuko dute parte bertan. Literatura, ilustrazioak, musika eta kantua uztartuko dituen ikuskizuna izango da. Abuztuaren 24an, 18:00etan izango da Londresko Imperial College delakoan. Euskarazko haur literaturak nazioarte mailako horrelako biltzar batean ikuskizuna eskaintzeko aukera duen lehen aldia da, eta honek berebiziko garrantzia izango du bai euskarazko haur eta gazte literaturarentzat, bai euskal kulturarentzat.