Gaur eman dute jakitera 2012ko deabilen ela saria: Joxe Azurmendi idazleak jasoko du Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian, azaroaren 5ean, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek (Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak) urtero ematen dute sari hau liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa.
Joxe Azurmendi Euskal Herriko pentsalari emankor eta erudituenetakoak jasoko du aurten dabilen elea saria, euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek urtero eman ohi dutena: Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak. Liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa ematen den saria Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean jasoko du Azurmendik, azaroaren 5ean.
Euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta; etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko eta asko plazaratu ditu Azurmendik. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan zen; Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.
Azurmendiren obra monumentala ezagutzen duenak badaki hautu erabat justifikatua dela honakoa; areago, harritu ere egingo da askoz lehenago ez zaiolako ganorazko aitortzarik egin, Zegamako pentsalari handiari. Hain zuzen, berriki jakin da Eusko Ikaskuntza saria ere berak jasoko duela aurten. Azurmendi filosofo garrantzitsua da, zalantzarik gabe; Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat lehenik, baina, orobat, nazioarteak sortu dituen filosofo handien artean dago.
Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak… Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009), Itxaropena argitaletxea (2010) eta Mariasun Landa (2011).
Bosgarren edizio honetan, Kutxaren babesa izan dute bost elkarteek ekitaldia antolatzeko, bai eta Donostiako Udalaren laguntza ere.
Ekitaldia
Euskal Liburuaren Gaua azaroaren 5ean izango da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, eta Juantxo Zeberio pianistak jantziko du musikaz.
Aurtengo edizioan dabilen elea sariaren oroigarri berria jasoko du Joxe Azurmendik. Hain zuzen ere, Antton Olariaga ilustratzaileak bereziki Azurmendiri eskainitako ilustrazioa egin du, sariaren oroigarri gisa. Ilustrazio hori iazko saridunaren eskutik jasoko du Joxe Azurmendik, eta, besteak beste, Lorea Agirre kazetariak, Joan Mari Torrealdai idazleak, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak eta Hedoi Etxarte poetak hartuko dute parte bere ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian.
Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941)
Olerkari, kazetari, kritikari, saiogile eta filosofo euskalduna (Zegama, 1941). Arantzazun, Erroman eta Münsterren egin zituen Ikasketak. Euskaltzaindiko urgazlea. EHUko irakasle da gaur egun. Jakin-en eta Egan-en hasi zen idazten. Hitz berdeak (1969) poema liburua argitaratu zuen. Horrez gainera Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemekin euskal poesiaren berrikuntzarako urrats handiak eman zituen.
Saiakerek eman diote, ordea, ospe handiena: Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Kultura proletarioaz, Errealismo sozialistaz, Zer dugu Orixeren kontra?, Zer dugu Orixeren alde? Mirande eta kristautasuna, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan. El hombre cooperativo, Gizona abere hutsa da, Gizaberearen bakeak eta gerrak dira bere argitalpenik garrantzizkoenak.
Erantzun
Sartu