Teknologia albisteak

Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Dokumentazio Gune Digitala sortu du Galtzagorri Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-02-22 : 13:18
Dokumentazio Gunea izeneko atal berri bat jarri du martxan Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak www.galtzagorri.org-en. Bertan, euskarazko Haur eta Gazte Literaturan argitaratzen diren liburuen inguruan prentsan egiten diren kritika literarioak hilez hil biltzeaz gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren liburuen giden bilduma eta Haur eta Gazte Literaturaren inguruko Bibliografia jasoko dugu. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua bideratzen jarraituko du Galtzagorrik bere web orrialdetik.

Galtzagorriko orrialdean dagoen "E.H.G. Literatura" atalaren barnean aurki daiteke Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Dokumentazio Gune Digitala. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker, urtarriletik dago martxan eta, honen barruan, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren inguruko informazio andana bilduko da hemendik aitzina.

 Dokumentazio Gune honekin, besteak beste, orain artean Euskal Haur eta Gazte Literaturan zegoen hutsune handi bati egin nahi dio aurre Galtzagorri elkarteak: hain zuzen ere, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren euskarazko kritika, liburu gida, bibliografia nahiz aldizkarien biltze lana egin nahi du. Esparru honetan lanean dabiltzan edo esparru honekiko interesa duen edonorentzat ezinbesteko tresna bihurtuko da beraz.

 Hain zuzen Dokumentazio Gune honen baitan honakoa aurkituko du erabiltzaileak:

 1.Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako kritiken hemeroteka. Bertan, euskaraz Haur eta Gazte Literaturan argitaratzen diren liburuen inguruan prentsan argitaratzen diren kritika literarioak bilduko dira, 2012. urtetik aurrera. Egun, hauek ez dira beste inon biltzen.

 2. Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren liburuen gidak. Besteak beste, EAEko liburutegiek egiten dituztenak, Clij aldizkariak egiten dituen liburuen zerrendak, FGSRek (Fundación Germán Sánchez Ruipérez) argitaratzen dituenak, IBBYren (International Board on books for young people) zerrendak, eta abar.

 3. Haur eta Gazte Literaturaren inguruko Bibliografia ere biltzen da Dokumentazio Gune honetan. Batetik, euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren artikulu, liburu, azterketak, eta abarren erreferentziak bilduko dira. Bestetik, orokorrean, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan argitaratzen diren bibliografiak ere izango dira kontsultagarri.

 4. Haur eta Gazte Literaturaren inguruko aldizkarien mailegu zerbitzua ere Dokumentazio Gune honetan barneratu dugu. Euskal Herrian, Estatuan eta Nazioartean badira Haur eta Gazte Liburuei eskainitako aldizkari interesgarriak. Horietako batzuk Galtzagorrik bere bulegoan jasotzen ditu. Hauetan hainbat gai lantzen dira Haur eta Gazte Literaturari buruz eta liburuen aipamenak ere biltzen dituzte.

Baliabide hauen erreferentziak web gunean zintzilikatuko ditu Galtzagorrik: jasotako aldizkarien informazioa digitalizatzeaz gain, hauek mailegatzeko aukera eskaintzen du Galtzagorrik formulario baten bidez. Hori bai, aldizkari horiek mailegatzeko, Galtzagorriko bazkide izatea ezinbestekoa da.

Erantzun

Sartu