Galtzagorri Elkarteak, Etxepare Institutuaren eta OEPLIren languntzarekin "Paperean hegan / Flying Over Paper" ikuskizuna antolatu du Londresen egingo den IBBYren Nazioarteko Kongresurako. Patxi Zubizarretak, Jokin Mitxelenak, Gema Arrugaetak, Joserra Senperenak, Maddi Oihenartek eta Idoia Noblek hartuko dute parte bertan. Literatura, ilustrazioak, musika eta kantua uztartuko dituen ikuskizuna izango da. Abuztuaren 24an, 18:00etan izango da Londresko Imperial College delakoan. Euskarazko haur literaturak nazioarte mailako horrelako biltzar batean ikuskizuna eskaintzeko aukera duen lehen aldia da, eta honek berebiziko garrantzia izango du bai euskarazko haur eta gazte literaturarentzat, bai euskal kulturarentzat.
Euskal Haur eta Gazte Literaturak bere lekua izango du abuztuaren 23tik 26ra Londresen (Ingalaterra) egingo den IBBYren (International Board on Books for Young People)Nazioarteko Kongresuan. Izan ere, Galtzagorri Elkarteak, Etxepare Institutuaren eta OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundearen laguntzarekin, euskal literatura ardatz izango duen ikuskizuna antolatu du abuztuaren 24rako. Ikuskizun horretan herrien arteko mugak, orpoz orpo dauden hizkuntzen arteko uztartzeak, eta hartu eman horietatik sortzen den literatura islatuko da. Hain zuzen ere, aurtengo kongresuaren leloarekin ("Crossing boundaries: Translations and Migrations") bat egin nahirik sortu da ikuskizun hori.
"Paperean hegan / Flying Over Paper" izena eman zaio ikuskizunari. Hain zuzen, Galtzagorri Elkarteak Koldo Mitxelena kulturunearen laguntzarekin sortu zuen "Paperean hegan" ikusentzunezkoaren izen bera. Izan ere, euskal haur Literatura eta ilustrazioak uztartzen ditu ikusentzunezko horrek, eta abiapuntu berdintsua izan du Londresen aurkeztuko den ikuskizunak berak ere.
Ikuskizuna Patxi Zubizarretak (ahotsa eta gidoia), Jokin Mitxelenak (ilustrazioak), Joserra Senperenak (musika), Gema Arrugaetak (irudiak eta alde teknikoa), Maddi Oihenartek (kantua) eta Idoia Noblek (interpretariak) eskainiko dute. Bertan literatura, ilustrazioak, musika, irudiak eta kantua uztartuko dituzte.
Egun berean, Mari Jose Olaziregik (Etxepare Institutuko Euskara Zuzendariak) euskal diasporaren inguruko txosten bat aurkeztuko du biltzarrean.
Ikuskizun aretoa Euskal Haur Literaturak eman dituen hainbat liburuz hornituta egongo da. Euskaraz sortu eta beste hizkuntzetara itzuli diren zenbait liburu jarriko dira ikusgai. Besteak beste, Mariasun Landaren Txan fantasma (Chan el fantasma); Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak (Memorias de una vaca; Mémories d'une vache; Memories van un koe; Memorien einen baskishen kuh); Juan Kruz Igerabideren Printzesa begi-zulo (La princesa ojerosa; La princesa ullerosa); Patxi Zubizarretaren Midasen eraztuna (El anillo de Midas; L'annel d'en Midas); Miren Agur Meaberen Errepidea (La carretera); eta Elena Odriozolak ilustratutako Quando vem a lua, Die schöne gemahlin des mandarin eta A woodland secret.
Ikusikizuna abuztuaren 24an 18:00etan hasiko da kongresua egingo den leku berean, Imperial College delakoan. Hemen ikus dezakezue biltzarreko egitaraua.
Erantzun
Sartu