Haur eta Gazte Literaturari buruzko Behinola aldizkariak aro berria hasi du. Guraizeak eskura izanik irakurtzera gonbidatzen zaitu. Izan ere, Behinola berrituak irakurtzeko ez ezik, beste zenbait erabileratarako aukera ere emango du: orriak aldizkaritik askatu, azala-kontrazala poster moduan erabili, orrialdeak moztu...
1999an argitaratu zen Haur eta Gazte Literaturari buruzko euskarazko aldizkaria. A hizkiarekin hasi eta urte hauetan guztietan abezedario osoa bete du letraz letra, zenbakiz zenbaki. Ibilbide luze horretan zenbaki bakoitza euskal ilustratzaile baten ilustrazioek jantzi dute. A izan zen Jokin Mitxelenarena, B Elena Odriozolarena, C Antton Olariagarena, D Belen Lucasena… horrela abezedario osoa. Zenbakiz zenbaki, letraz letra, haur eta gazte literatura jorratuz eta euskal ilustratzaileen lanak ezagutzera emanez egin du bidea Behinolak.
Amaitu zaizkigu abezedarioko letrak eta horrekin aro baten amaiera etorri zaigu. Orain arte koordinatzaile lanetan ibili den Ruben Ruizek ere ardura hori utzi du, nahiz eta Behinolakide izaten jarraitzen duen erredakzio batzordean.
Zorionez, aldizkariak bizirik jarraitzen du. Hemendik aurrera Lore Agirrezabal kazetari eta Galtzagorri Elkarteko lankideak koordinatuko du aldizkaria eta erredakzio batzordean bidelagun izango ditu lehendik zeuden Ruben Ruiz bera; Asun Agiriano, Galtzagorri Elkarteko lehendakari ohia; Xabier Etxaniz unibertsitate irakasle eta literatura aditua; Aitziber Alonso ilustratzailea eta egun Galtzagorri Elkarteko lehendakaria; eta bi kide berri: Jone Arroitajauregi, Bularretik Mintzora egitasmoko koordinatzailea; eta, Mikel Ayerbe, unibertsitateko irakasle eta literatura aditua.
Behinola 28
Behinolaren aro berria da hau. Hamalau urteren ostean eta a-tik z-raino adina zenbaki argitaratu ondoren, hemen da hurrengoa: hogeita zortzigarrena, zenbakiduna. Izan ere, orain arte ilustratzaileei abezedarioko letra ilustratzeko eskatzen genien bezala, hemendik aurrera aldizkariaren zenbakia irudikatzeko eskatuko diegu. Hogeita zortzia Leire Urbeltz ilustratzaileak ilustratu du. Azala eta kontrazala ere berea da (bat eginda datoz). Baita Sormenez ataleko ilustrazioak ere.
Behinola berria kanpotik eta barrutik dator itxuraldatuta. Aldatu ez dena aldizkariaren helburua da. Betiko xedeei helduz, Haur eta Gazte Literaturari buruzko aldizkaria izaten jarraitzen du Behinolak.
Hemendik aurrera atal berriekin osatuko da: jardunaldi, topaketa edo ekitaldi bati buruzko Kronika; Elkarrizketa, Erreportajea edo Ikerketa; literatura edo irakurzaletasuna sustatzeko Esperientzia edo egitasmo baten kontakizuna, sustatzaileek kontatua; Sormenez osatutako lau orrialde, non idazle eta ilustratzaile baten arteko sormen-lan berri batez gozatzeko aukera izango dugun; Galtzagorri albiste elkartearen egitasmoen berri emango duen atala; eta liburuen Iruzkinak. Azken atal horretan, gainera, bada berrikuntza bat: hemendik aurrera bi adituren eskutik, hau da, Lau eskutara egindako iruzkin edo kritika sakon bat argitaratuko da eta, horrekin batera, beste liburu mordoxka baten iruzkinak eta aipamenak.
Atal horretan, hemendik aurrera, guraizeak hartu, moztu eta iruzkinen bilduma osatzera gonbidatu nahi zaitugu.
Ez da, baina, Behinola honek dakarren opari bakarra. Elkarrizketaren atalean Mariasun Landarekin izandako berriketaldi luze eta interesgarria eskaintzen dizugu. Bestea Leire Urbeltzek eta Pello Añorgak egin digutena da: aldizkari honetarako hitzez eta irudiz elkarlanean sortu duten poesia.
Eguberria ardatz hartuta datoz Mikel Ayerbe eta Aitziber Alonso ere; bien artean, lau eskutara, iruzkindu baitute Eguberria liburua, Elena Odriozolak ilustratu eta Juan Kruz Igerabidek idatzitakoa. Eta Igerabiderena da, hain zuzen, atal honetako beste iruzkin bat: Haizea sahats artean liburuarena, Galtzagorri Elkarteak Klis-klasikoak bildumaren baitan aurten argitara eman duen Kenneth Grahamen klasiko unibertsala, Elena Odriozolak ilustratuta. 2013ko beste Klis-klasikoa Xabier Olasoren Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak liburuaren berrargitalpena da. (Gabon-opari bikainak, biak ala biak). Hori nahikoa ez eta, Olasok berak, zenbaki honetan “opari” eman dizkigu bera irakasle den Armentia ikastolan irakurketa sustatzeko martxan dituzten egitasmoei buruzko xehetasunak, Esperientzia atalean.
Kronikaren atala Galtzagorri Elkarteak antolatutako Marraz(i)Oak topaketei buruzko kronika da, Mikel Ayerbek eta Jone Arroitajauregik idatzia.
Eduki interesgarriz bete-betea dator, hortaz, hogeita zortzigarren Behinola.
Erantzun
Sartu