Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin sortutako Klis-klasikoak liburu-sortako aurtengo hiru liburu berriak aurkeztu dira gaur: Amattoren Uzta, Tom Sawyer-en abenturak eta Elmer. Haur eta Gazte Literaturako berrargitalpen bat eta bi klasiko unibertsal euskaraz. Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Sotoan izan da aurkezpen ekitaldia eta bertan izan dira Aitziber Alonso Galtzagorri Elkarteko lehendakaria, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea eta argitaratutako liburuen egile, itzultzaile, ilustratzaile eta moldatzaileak.
Galtzagorri Elkarteak Klis-klasikoak liburu-sorta sortu zuen iaz Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan eta gaur (abenduak 14) aurkeztu dituzte sail honetan 2012an argitaratu diren hiru liburu berriak. Alberdania, Erein eta Igelak argitaratu dituzte liburu hauek. Bi klasiko unibertsal eta berrargitalpen bat dira liburu sorta honetako argitalpen berriak: “Amattoren Uzta”, “Tom Sawyer-en abenturak” eta “Elmer”. Hauekin, 7 liburu dira klasikoen eta berrargitalpenen bilduma hau osatzen dutenak, iaz argitaratu baitziren “Pinotxoren abenturak”, “Txan Fantasma”, “Indianoa” eta “Maria Goikoak Batbirulau” liburuak.
Klis-klasikoak liburu sortaren helburua haur eta gazteek autore klasiko unibertsalak nahiz euskal autore ezinbestekoak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten bermatzea da. Haur eta Gazte Literaturako obra kanonikoak euren eskura euskaraz jartzea. Modu honetan, curriculum literarioa euskaraz osatuz.
Argitalpen berriak
Aurtengo argitalpenen kasuan, Mayi Ariztia saratarrak bildutako herri ipuinen bilduma, “Amattoren Uzta”, 1934an argitaratu zen. Orain Klis-klasikoak sortaren barruan, 9 urtetik aurrerako haurrek irakurtzeko moldatu ditu Patxi Zubizarretak ipuin hauek, eta Maite Gurrutxagak egin ditu berrargitalpenerako ilustrazioak.
Mark Twainen Tom Sawyer-en Abenturak (Alberdania-Erein-Igela) liburua da bigarrena. Iñaki Mendigurenek eta Sarah J. Turtlek bikain itzulia eta Guillermo Gonzalez ilustratzaile bilbotarrak maisuki ilustratua. Ez da euskarazko literaturan Tom Sawyer argitaratzen den lehen aldia. Iñaki Mendigurenek berak 1995ean honen bertsio bat itzuli baitzuen, Elkar argitaletxearen eskutik. Gillermo Etxeberriak ere Hordago argitaletxeko Tximista sailean, 1979an itzuli zuen Tom Sawyer-en abenturak, baina ordutik urte ugari pasa dira, eta nekez egingo zuen Gillermok ingelesetik itzulpena. Klis-klasikoaken plazaratu berri den Tom Sawyer hau ingelesezko bertsio original eta osotik ekarria da euskarara, gazte (12-16 urtekoentzat) zein helduen gozamenerako.
Azkenik, Klis-klasikoak liburu sortan 2012an argitaratu den hirugarren harribitxia David McKee-ren Elmer album ilustratua dugu (Alberdania-Erein-Igela). Elmerren liburuak dozenaka dituzu irakurtzeko edo ikusteko. Hogei lurralde baino gehiagotan ezagutzen dituzte Elmerren istorioak, baina, esku artean duzuna, aurrenekoa da, 1989an Londresen argitaratua. Harrezkero, ipuin ugariren protagonista izateaz gain, jostailua ere bada, panpina, puzzlea… dio Asun Agirianok Arrasateko Haur Liburutegiko bibliotekariak Haur Literatura modernoaren gailurretakoa den obra honen hitzaurrean. Elmer album ilustratua katalanez, galegoz, espainolez… argitaratua izan da. Baina gaurdaino ez genuen elefante honen euskarazko bertsiorik. Aiora Jakak egindako euskarazko itzulpenaz gozatu ahal izango dute orain Euskal Herriko 4-8 urte bitarteko haurrek. Horregatik, Galtzagorri Elkartearentzat bereziki pozgarria da Klis-klasikoaken baitan album hau plazaratzeko aukera izatea.
Gabonetarako opari aproposa
Lurdes Auzmendi sailburuordeak, liburuen aurkezpenean, eskerrak eman dizkio Galtzagorri Elkarteari liburu hauek argitaratzeko egin duen ahaleginagatik eta Gabonen atarian gauden honetan, egun seinalatu horietarako oparitarako zerrendan dituela adierazi du. Halaber, sailburuordetzako azken egunetan, liburu hauen aurkezpenean izateak ematen dion poza adierazi eta Klis-klasikoak egitasmoari bizitza luzea opa diola esan du Auzmendik. Sailburuorde kargua uztearekin batera beste zeregin batzuetara itzuliko dela eta Haur eta Gazte Literaturan berriz murgiltzeko grina ere adierazi du.
Aitziber Alonso, Galtzagorri Elkarteko lehendakariak, bere aldetik, klasiko unibertsalak eta euskal literaturako altxorrak berrargitaratzearen garrantzia azpimarratu du, Klis-klasikoak liburu-sortaren garrantzia gogoratuz. Bere aurkezpenean liburu bakoitzaren booktrailerra ikusteko aukera izan da. Ondoko esteketan dituzue:
Klasikoen garrantzia
Italo Calvinok esana da klasikoak eragin berezia duten liburuak direla, memoria indibidual edo kolektiboaren tolesduretan lekua egiten dutenak. Haur euskaldunek Mendebaldeko ondare literario eta kultural hori euskaraz gozatu ahal izateko aukera izan dezaten sortu da, alde batetik, Klis-klasikoak egitasmoa.
Alabaina, batzuetan ez da denboran atzeregi eta espazioan urrunegi joan behar literatur lan gogoangarriak aurkitzeko eta hain zuzen horixe da Klis-klasikoak-en bigarren xedea: euskaraz sortutako haur eta gazte literaturako altxorrek osatzen duten tradizioa jaso eta modu duinean gaurko belaunaldiei eskaintzea, euskal haur eta gazte literaturaren ibilbidea modu erakargarrian aurkeztea eta azken hamarkadetan haur eta gazteentzako gure literaturak eman dituen alerik preziatuenei bigarren bizialdia ematea.
Helburu nagusi horiek gogoan izanda, liburutegi eta liburu dendetan ikusitako hainbat hutsune bete nahi dituzte Klis-klasikoek. Ez da, noski, euskarara haur eta gazte literaturako klasikoak ekartzeko lehen ahalegina hau. Gogoan izatekoak dira 70eko hamarkadatik aurrera, eta batez ere 80ko hamarkadan zehar, eskolaren euskalduntze azkarrak behartuta egin ziren lan klasikoen euskaratze eta egokitzapenak; 90eko hamarkadatik aurrera ere egin izan diren ahalegin solte eta isolatuagoak, gehienetan jarraikortasun handirik gabe. Alabaina, edizio haietako gehienak eskuraezinak dira gaur egun; beste hainbat edizio originalen itzulpenak barik testu egokituen itzulpenak ziren; itzulpen ereduak eta moldeak ere aldatuak dira; hainbat erreferentzia ezinbesteko, aldiz, sekula ez dira osorik euskaratu. Hala, irakurle gaztetxoentzako literatur eskaintzan klasikoen esparruan antzematen diren gabezia nagusienak, falta ditugun erreferenteak bilatzea izan zen Galtzagorriren lehen zereginetakoa 2011n Klis-klasikoak liburu sortaren proiektua abiatzean, eta ahal den neurrian hutsune horiek duin betetzea izan du eta izango du xede aurrerantzean.
Adituen eskua Liburu hauen hautaketa eta prestaketa lanetan Haur eta Gazte Literaturako profesional ezberdinek osatzen duten batzorde bat aritu da. Asun Agiriano bibliotekariak, Ibon Egaña literatur kritikari eta unibertsitateko irakasleak, Dani Maiz eta Aitziber Alonso ilustratzaileak, Inazio Mujika argitaldariak, Itziar Zubizarreta idazle eta irakurzaletasuna sustatzen adituak eta Patxi Zubizarreta idazleak hartu dute parte hain zuen ere aipatu batzordean. Liburu guztien diseinu-zuzendaritza, berriz, Antton Olariaga eta Elena Odriozolaren esku geratu da. Eta lan honetarako Concetta Probanza ilustratzailearen kolaborazioa ere izan dute. Liburu guztien zuzenketa lanak berriz, Mitxel Muruak gauzatu ditu.
Erantzun
Sartu