Teknologia albisteak

Gazteentzako booktrailer lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
2013-01-15 : 11:37

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatzen duen Liburu Gaztea lehiaketa aurten booktrailer lehiaketa bihurtu da, eta ikastetxeek ez ezik, 12 eta 16 urteko edonork har dezake parte bertan. Horretarako, Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri eta horri buruzko booktrailerra bidali beharko dute Liburu Gaztea web gunera, Igo zurea atalean sartuta.

Trailerra martxoaren 15a baino lehen Liburu Gaztearen web gunera igo beharko dute.

Saria boto gehien jasotzen dituen booktrailerrarentzat
Norbanakoka parte hartzeko lehiaketa honetan, booktrailerrik onenak (ikusleen boto gehien jasotzen dituenak) e-irakurgailu bat irabaziko du. Bigarren eta hirugarren bozkatuenek, berriz, 100 euroko bono bana liburu eta diskoetan gastatzeko.

Botoa emateko tartea martxoaren 15etik maiatzaren 15era bitartean izango da. Botoa edonork eman dezake epe horretan eta botazioan parte hartzen dutenen artean e-irakurgailu edo e-reader bat zozkatuko da.

Booktrailerrari buruzko xehetasun guztiak eta berau egiteko urratsez urratseko azalpenak Liburu Gaztearen web guneko Booktrailerrak atalean daude, “Nola egin” azpiatalean.

Mila ikasle baino gehiago ari da parte hartzen
2012-2013 ikasturteko lehiaketan parte hartzen ari diren ikastetxeak 22 dira eta guztira mila ikasle baino gehiago izango dira ikastetxeen izenean parte hartuko dutenak. Kopuru zehatzik oraindik ezin da jakin, izan ere, norbanakoka parte hartu nahi dutenek ez dute izenik eman beharko. Nahikoa izango da, besteek bezala, martxoaren 15erako booktrailerra Liburu Gaztearen web gunera igotzearekin. Hauek Liburu Gaztea web gunean bistaratuko dira, Booktrailerrak ataleko “Lehiaketa” azpiatalean. Telefono mugikorretan eta sare sozialetan (Twitter eta Tuenti) ere bistaratuko dira. Martxoaren 15etik maiatzaren 15era izango da horien artean onena hautatzeko aukera. Mugikorren bidez botoa emateko aukera ere izango da.

Booktrailerren nondik norakoak ezagutzeko eta nola egin ikasteko, lehiaketan parte hartzen ari diren ikastetxe gehienetan Galtzagorri Elkarteak eskainitako booktrailerrei buruzko formazio saioak ari dira jasotzen hilabete hauetan. Bertan emandako azalpenak ere on-line jarri ditugu dokumentu honetan, lagungarri izanez gero, edonork eskura izan ditzan. Horrez gain, lehiaketan parte hartu nahi dutenek Liburu Gaztea web guneko Booktrailerrak atalera jo dezakete informazio gehiagoren bila.

Irakurzaletasuna eta teknologia berriak
Liburu Gaztea lehiaketak irakurketa teknologia berriekin uztartzeko jauzia eman du ikasturte honetan. Horrekin gazteen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzen jarraitu nahi du Galtzagorri Elkarteak. Baina gazteak irakurketaren bidean jartzeaz gain, irakurketa horren gaineko idazketa/sormen lan bat egitera ere bideratzen ditu. Halaber, gazteen esparru naturala den teknologia berrien eta literaturaren esparrua lotzen ditu eta egindako lanen bidez gazteak liburuen sustatzaile bihurtzen ditu.

Egitasmoak, oro har, Euskal Haur eta Gazte Literatura sustatzen jarraitzen du, aurten, gainera, berezitasun batekin: liburu horien inguruan gazteek egindako lan originalak egongo dira denon eskura.

Lehiaketan parte hartzeko irakurri daitezkeen liburuak
Bi liburu-zerrenda proposatzen ditu Galtzagorri Elkarteak:

- Aurtengo proposamena
- Ezinbestekoak

Bi zerrenda horietatik bakoitzak dagokion adinerako proposatutako liburuetako bat irakurri beharko du horri buruzko booktrailerra egiteko.
 

Erantzun

Sartu