
Azken orduko paleo-albisteak, aste honetan bertan jakindakoak: Europan Homo Sapiensak uste baino lehenago egon zirela iradokitzen duen aztarnak aurkitu dituzte (bueno, duela ia 50 urte aurkitu zituzten, baina orain datuak berraztertu dituzte), duela 210.000 urtekoak. Bestetik, Krimean aurkitutako hezur puska batetik ondorioztatu dute duela 1.5 milioi urte, ostruka erraldoiak zeudela Europan, 3.5 metrokoak eta 450 kilokoak. Hori bai oilaskoa, Ines Arrimadas gainean jartzekoa.
Duela hilabete ireki zuen Creative Commons lizentzien kontsortzioak bere irudi bilatzailea. 300 milioi irudi ditu indexatuta oraingoz, eta ez dira sarean dauden guztiak ere, kalitateari erreparatu diotela esaten baitute.
Oiasso toponimo erromatarra Oiartzun herriarekin lotu arren, aztarna geografikoek Irunen kokatzen dute. Bertan dago museo erromatarra, eta bertan antolatzen dira (aurten hamargarren aldiz) Oiassonis Dies direlakoak, Egun Erromatarrak. Asteburu honetan eta hurrengoetan gozatzeko moduko zerbaitm, Irungo Oiasso Museoaren inguruan.
Uztailaren 13an urtero egiten den bezala, Hiru Behien Zergaren zeremonia edo Iror Beien Emontarzuna (erronkarieraz) ospatuko dute bihar Erronkariko eta Baretos haraneko bizilagunek, Errazko lepoan, San Martingo Harriaren inguruan.
Telebistan streaming zerbitzuak eta nahierako edukiak ikusteko aukeretan, leiho berria ireki zaie erabiltzaileei aste honetan: gerran ibili diren bi erraldoi, Amazon eta Google, ados jarri dira, bakea egin, eta beraien zerbitzuak (Chromecast, Youtube, Amazon Fire, Amazon Prime) bateragarri egin dituzte. Euskal Herriko erabiltzaileentzat erabilgarriena, seguruenik, Amazon Prime kontuarekin daude ikus-entzunezkoak orain Chromecast bidez ikus daitezkeela telebistan.
Augustin Zubikarairen izena daraman bekak azken urteotan euskaraz nobela sortzeko egitasmo bat saritzen du (2010etik aurrera da horrela). Aurtengo deialdia kaleratu dute antolatzaileek, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Saria 6.000 eurokoa izango da.
Uda iritsi da! Tenperatura altuek kalekume izatera gonbidatzen zaituzte. Hondartza, igerileku edota erreka egunak dira; eta amaiezinezko gauak. Dibertsiorik ez da falta eta bizitza-ohiturak buruz behera uzten ditu. Enbata dator… Gakoa plangintzan dago. Meal prep edo batch cooking hitzak ezagun dituzu? Lehenak, osagaiak aldez aurretik prestatzean dihardu, gero plateren osaketa errazteko: arrautzak egosita utzi, uraza garbia, angurria zurituta eta moztuta. Nagitasunak ustekabean ez zaitzala hartu. Bigarrenak, areago doa, astebeteko menua tupper-etan antolatzea da; den-dena egun bakarrean sukaldatuta.
Baku da Azerbaijango hiriburua eta Bakup (Backup, zuzen idatzita) da egin behar duzuna egunero, Interneneten datuak gorde edo manejatzen badituzu, zeuretzat edo, profesionala bazara, zeure bezeroentzat. Backup-a da "atzean gordetako kopia", eta sistema batek guztiz krak egiten duenean, konpontzerik ez badago ere, kopia berreskuratuz gero, kaltea ordu batzuetakoa besterik ez da izango, okerrenera.