Teknologia albisteak

Kilimak, euskaratik eta euskaraz sortutako oporretako koaderno jostagarriak, 6-12 urteko haurrentzat

Datozen asteetan iritsiko dira liburudendetara Kilimak koaderno jostagarriak, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen eskutik. Euskaraz eta euskaratik sortuak izan dira, oporraldian ere euskaraz jolasteko eta gozatzeko.

Jakingura kilikatu eta irudimena lantzea dute helburu Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak sortu dituen Kilimak koaderno jostagarriek. Iazko udan kaleratu zituen lehenengo bi zenbakiak, eta aurtengo udarako prest ditu gainerako laurak ere. 

6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta euskaraz eta euskaratik sortuak izan dira. Euskararen ezagutza eta euskal kultur transmisioa indartzea dute helburu, oporretan ere euskaraz jolasteko eta gozatzeko gonbidapena eginez. Gainera, ikasturtean zehar landutako gaietan sakontzeko aukera eskaintzen dute (matematika, gizarte eta naturaren zientziak eta hizkuntza), modu erakargarri eta jostarian.

Sei koaderno eta askotariko jarduerak

Denera, sei koaderno jostagarri sortu ditu Ikaselkarrek, adin tarte bakoitzerako bat.

Askotariko gaiak eta jarduerak aurkituko ditugu Kilimak koadernoetan, beti ere euskal testuinguru batean kokatuz. Besteak beste, haurrek euskal mitologiara jauzi egingo dute, Gure Zirkuko lagunekin jolastuko dira, Euskal Herrian zehar bidaiatuko dute, kultur ekimen ugari ezagutuz eta urte askotako tradizioa duten gozotegiak bisitatuz, eta jende interesgarria deskubrituko dute bidean.

Lehenengo lau koadernoek egitura bertsua dute; sei atalez osatuta daude, eta atal bakoitzaren hasieran misterio edo enigma bat aurkeztuko zaio irakurleari. Hurrengo orrialdeetan misterioa argitzeko erronkak gainditu beharko ditu han-hemen aurkituko dituen pistak jarraituz. Horrez gain, euskaraz jolasteko esaerak, zotz egiteko formulak, kantuak eta beste topatuko ditu.

Kilimak 5 eta 6 koadernoek, berriz, bestelako proposamena dakarte; gaiak zein estetika 10-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta daude. Atal bakoitza komiki batekin hasten da eta irakurleak komiki bat pausoz pauso sortzen ikasteko aholkuak eta trikimailuak jasoko ditu. Elkarrizketak ere badaude. Besteak beste, dantzariak, zientzialariak, mago bat eta surflari bat ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, denborapasak, esperimentuak eta eskulanak egingo dituzte.

Askotariko jarduerak aurkituko ditugu Kilimak koadernoetan, adin tarte bakoitzari egokituta:

  • Nahas-mahas: letra-zopak, hitz gurutzatuak eta hizkuntza jolasak.
  • Mingaina dantzan: zotz egitekoak, aho-korapiloak eta hitz-jokoak.
  • Joko-moko: matematikako proposamenak (sudokuak, kalkuluak, trukoak, labirintoak...)
  • Begiz jo: pertzeptzio bisuala (desberdintasunak aurkitu, elementuak bilatu...)
  • Iker dezagun: zientziarekin zerikusia duten proposamenak.
  • EskuARTEan: eskulanak, arte hezkuntza, marrazketa, grafomotrizitatea.
  • Mugi-mugi: mugimenduarekin zerikusia duten proposamenak (taldeka, bakarka edo familian aritzeko); kantatu eta dantzatu, gorputz erronka bat edo soka-saltoan ibiltzeko kantak.

Horrez gain, koaderno bakoitzak liburu gomendioak ere egingo ditu. Eta QR kodeen bidez ikus-entzunezko baliabideak eskainiko dira, besteak beste, abestiak, jolasak eta eskulanak egiteko jarraibideak.

Ondorengo ilustratzaileek parte hartu dute koadernoetan: Gorka Aranburu, Higinia Garay, Asier Iturralde ‘Gaston’, Raquel Samatier eta Lotura Films.

Euskal Herriko liburudenda eta ohiko salmenta puntuetan eskuratu ahal izango dira Kilimak koaderno jostagarriak, ekainetik aurrera.

Erantzun

Sartu