Teknologia albisteak

Azerbaijanen Baku, eta Interneten backup

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-11 : 06:52

Baku da Azerbaijango hiriburua eta Bakup (Backup, zuzen idatzita) da egin behar duzuna egunero, Interneneten datuak gorde edo manejatzen badituzu, zeuretzat edo, profesionala bazara, zeure bezeroentzat. Backup-a da "atzean gordetako kopia", eta sistema batek guztiz krak egiten duenean, konpontzerik ez badago ere, kopia berreskuratuz gero, kaltea ordu batzuetakoa besterik ez da izango, okerrenera.

"Lehen mailako" edukiak beharko luketen hauek, ordea, ahaztu egiten dituzte era bateko edo besteko garatzaileek sarri. Eta desastreak gertatzen dira tarteka. Hona bi adibide:

Pxfld.me edo Pixelfed argazkiak gorde eta partekatzeko aplikazio federatu bat da. Uztail hasieran ohartxo bat banatu zuen zerbitzari aleman honen administratzaile nagusiak, esanez hiru hilabetean sortutako kontu eta edukiak pikutara joan zirela.

"Nire azken backup-a bi edo hiru hilabetekoa zen", dio xalo-xalo zerbitzuaren arduradunak.

Beste adibide bat, Planet Explorers jokoa. Kasu honetan, erabiltzaileen edukia baino gehiago da galdu dena: jokoa bera joan da pikutara.

Garatzaile independente batzuen proiektua zen jokoa. Pathea Games deritzo enpresa garatzaile horri, eta beste zenbaitzuk egiten duten bezala, jokoa lagun askoren artean finantziatu ahal izan zuten Kickstarter crowdfunding plataforma erabilita.

Baita dirua lortu, eta jokoa garatzen hasi ere. Eta izatez, garapena egiten ari ziren bitartean, bug eta arazoekin bazen ere, jendeak jokatzen zuen jokoan, eta bazegoen esperantza aurrera zihoala kontua. Baina, azken hilabeteetan, zerbitzari erroreak medio... jokoa pantailetatik desagertu egin zen.

Hemen ere, ez zegoen kopiarik: are gehiago, sarean jendeak erabiltzen zuen bertsioa, produkzioko bertsioa zen (!). Hau da, konpainiak ez zuen ez ingurune lokalean, ez backup zerbitzu batean ez inon garatutako jokoaren beste bertsiorik: jendeak Interneten sarean jokatzen zuen bertsioa, huraxe zen kodearen gordailu bakar eta osoa. Ondorioa: jokoa berriz martxan jartzeko, hasieratik berridatzi beharko dute.

Gogoratu, Azerbaijanen Baku, eta Interneten backup (edo bakup, Euskaltzaindiak ez baitu oraingoz hitz berrien artean sartu).

Erantzun

Sartu