Azken orduko paleo-albisteak, aste honetan bertan jakindakoak: Europan Homo Sapiensak uste baino lehenago egon zirela iradokitzen duen aztarnak aurkitu dituzte (bueno, duela ia 50 urte aurkitu zituzten, baina orain datuak berraztertu dituzte), duela 210.000 urtekoak. Bestetik, Krimean aurkitutako hezur puska batetik ondorioztatu dute duela 1.5 milioi urte, ostruka erraldoiak zeudela Europan, 3.5 metrokoak eta 450 kilokoak. Hori bai oilaskoa, Ines Arrimadas gainean jartzekoa.
Zientzia Kaieran kontatu du hegazti erraldoiarena Juanma Gallegok. Krimeako hegaztia Pachystruthio dmanisensis espeziekoa dela uste dute, baina bere katalogazioa ez dago guztiz argi oraindik. Hezurra luzea eta nahiko mehea izateagatik, uste dute abiadura handia hartzeko gaitasuna zuela, hegal egiteko ahalmena galduta izan arren.
Hegazti horren fosila duela 1,5 eta 1,8 milioi urte bitartean bizi izan zela uste dute, eta, Homo erectus hominidoa Europara duela 1,2 milioi urte iritsi izan zela kontuan hartuta, biak aldi berean kontinentean egoteko aukera planteatu dute zientzialariek. Erectus bat oilasko erraldoiaren gainera igo ote zen zalantzazkoa iruditzen zaizu ordea... (barkatu txistea, Ines Arrimadas Ciudadanoseko politikariari #montapollos traola asmatu diote astean, oilaskoen gainean dabilena literalki, baina gaztelania arruntean, bazter-nahaslea, nolabait).
Europara erectus-a duela 1.2 milioi urte iritsi bazen, beste espezie baten iritsieraren data ere aldatu da aste honetan, geurearena hain zuzen. Orain arte, Homo sapiens-aren iritsiera nahiko zehatz datatua zegoela zirudien Europan: duela 45.000 urte inguru, eta aztarna haiekin gainera labar-artea eta beste adierazpide kultural batzuen hedapena ere datatu da, aurretik Neanderthalen ordezkapen nahiko azkarra ere aldi berekoa delarik.
Hala ere, Sapiens modernoak duela 300.000 urtetik ari ziren eboluzionatzen Afrikan, eta baliteke haietarik batzuek kontinentez aldatzea gero ziurtaturiko migrazio handia baino lehenago. Migrazio handi hori duela 60.000 urte inguru izan zela uste da, Out of Africa mugimendua, eta afrikar beltz ez garen gizaki guztiok migrazio horren ondorengo genetikoak gara, nahasketa Neanderthalarekin gainera.
Baina badirudi Out of Africa mugarri handia baino lehen ere ibili zirela Sapiensak Eurasian. Ekialde Erdiko aztarna batzuetan duela 100.000 urtekoak aurkitu zituzten, eta orain, Grezian, duela 170.000 urteko kaskezur bat. Aurkikuntza zaharra da, 1970eko hamarkadakoa, Peloponesoko Apidima leizekoa. Bi kazkezur topatu ziren, baina oso txikituta zeuden, eta materialen presioagatik bihurrituak zeuden hezurrak gainera. Orain, ordenagailu bidezko berregiketa birtuala egin dute, eta bi kaskezurrak desberdinak direla ondorioztatu dute:
Artikulua, ordainpekoa oraingoz, Nature aldizkarian dago.
Erantzun
Sartu