Teknologia albisteak

Jogurt pote(o)a

Erabiltzailearen aurpegia
EATGIRL vs ITGIRL (Blogak.eus)
2019-07-11 : 12:30

Uda iritsi da! Tenperatura altuek kalekume izatera gonbidatzen zaituzte. Hondartza, igerileku edota erreka egunak dira; eta amaiezinezko gauak. Dibertsiorik ez da falta eta bizitza-ohiturak buruz behera uzten ditu. Enbata dator… Gakoa plangintzan dago. Meal prep edo batch cooking hitzak ezagun dituzu? Lehenak, osagaiak aldez aurretik prestatzean dihardu, gero plateren osaketa errazteko: arrautzak egosita utzi, uraza garbia, angurria zurituta eta moztuta. Nagitasunak ustekabean ez zaitzala hartu. Bigarrenak, areago doa, astebeteko menua tupper-etan antolatzea da; den-dena egun bakarrean sukaldatuta.

Ohiturak zeozer aldatzea halabeharrezkoa da, baina ez du zertan anabasa izan behar. Udaran entsaladak ezin dira falta! Arinak, freskoak… oso atsegingarriak dira, baina prestatzeko nagitasuna gainditu beharra dago. Zer iruditzen astebetekoak prest uzten badituzu? Zazpi, etenik gabe. Goazen urratsez urrats, ondo manten daitezen. Horiek gordetzeko erabiliko ditugun ontziek garrantzi handia dute. Esaterako, plastiko-zakote-ontziak ahaztu; eguzkiaren beroak pixkanaka-pixkanaka hondatzen ditu eta mikro-partikulak janarira igarotzen dira. Aldiz, jogurta beira-poteak erabili itzazu, handiak direnak (720g). Beirak jatorrizko zaporea eta ehundura hobeto mantentzen ditu.

Zazpi pauso izango dira. Ez dira beti zazpiak bete behar, baina eutsi elikagai-sarrera ordenari.

  • Lehenengo, ongarria. Aparte eraman dezakezu, baina beste bote bat saihestu nahi baduzu jar ezazu ontziaren ipurdian. Horrela, elikagaiekin kontaktua saihestuko du. Ozpin-olioekin arriskatzera animatzen zaitut. Alde koipetsua edozein olioa (oliba, intxaur…) izan daiteke, baina jogurta ere bai. Alde garratza, ozpinaz gain, fruitu-zukuak izan daitezke. Konbinazio ezberdinak probatu. Eta ñabarduna bitxiak gehi daitezke, baina aurrerago hitz egingo dugu haietaz (seigarren eta zazpigarren puntuetan).
  • Bigarren, mami-barazkiak (gogorrak direnak): azenarioa, beterraba, brokolia, cherry-tomateak, zainzuri-berdeak… gorputza emango diote zatikatuta.
  • Hirugarren, karbohidrato integralak: arroza, kinoa, kuskus, patata… Adi! Behin egosita, oinarrizkoa da haiek ondo xukatzea eta freskatzea (hozkailuan), al dente mantendu daitezen.
  • Laugarren, proteinak. Arrautza, arraina edo haragia gehituz gero, ondo sukaldatu eta hoztu; inoiz ez gordinik. Kontserba-lekaleak aukera ona dira, ausartu probatzera. Eta gazta edo gaztanbera ere, erabili daitezke.
  • Bostgarren, frutak: ahuakatea, anana, basafrutak, mango, meloia… nahastu itzazu! Zapore gozo eta garratzekin jolastu.
  • Seigarren, elikagai lehorrak. Fruitu sikuak proteina taldekoak dira eta haziak ongarriaren parte, baina haien lehortasunak likidoetatik urrun egotea eskertzen dute. Beraz ia bukaerarako utzi. Puntu kurruskariak sorginduko zaitu.
  • Eta zazpigarren, eta azkena: hosto-barazkiak. Hauek ez dute beti berdeak izan behar (berro, errukula, eskarola, zerbak) baina izatekotan, nahastu beste kolore batzuekin: txuri (endibia) edota moreak (haritz-hosto, lollo-rosso, radicchio). Lehen esan bezala, entsaladari azken puntu bizigarria emateko gehituiozu landare usaintsuak (basiliko, oregano, tipulin) eta potea ondo itxi, gosea izan arte.

 

Batzuetan, ez dauzkagu atsegin zaizkigun osagai guztiak; horrek ez du esan nahi soberakin guztien potea denik. Beraz, ziurtatu barazki-fruituak, ale integralak, proteinak eta beharrezko grasak dituela. Motxilan babestua eraman, gozatu eguzkipean eta ondo astindu jan aurretik. #freshkatu

(Jatorrizko artikulua: Blogak.eus, baimenarekin)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago