Teknologia albisteak

Bizirauteko kit-erako: irratia duen telefonoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:42

Gaur zortzi izan zen, apirilaren 28an, itzalaldi orokor hori Hego Euskal Herrian. Biharamunean, gailu pare bat aipatu genituen balekoak izan daitezkeenak ez sarerik ez argindarrik dagoenerako. Eta pare bat iturritatik etorri zaigu iradokizuna gehitu daitekeela beste hardware pieza interesgarri bat: irratia duten telefonoak. Istorio bitxia dute hauek: duela 20 urte ohikoak ziren, baina gaur egunean ez.

Kontua da duela 20 bat urte orduko Nokia edo Motorola mugikorrek ohikoan izaten zutela FM eta AM irratiak jasotzeko gaitasuna. Smartphoneen garaian ordea, Android sistema eragilean, agian ohikoagoak ziren halakoak duela 15 urte, baina ez horrenbeste gaur egunean.

iOS munduan, itxura batean ez dago irrati-gaitasunik duen iPhonerik iPhone 6tik honuntza.

Androiden artean, batzuetan bakarrik dago gaitasun hau. Fabrikatzaile ohikoena izan daiteke Xiaomi, eta berari lotutako Redmi eta Poco marketan aurkitu daitezke, adibidez zerrenda honetan. Indiako webgune honetan beste zerrenda bat, Nokia, HMD eta beste marka batzuen modeloekin.

Baina ohikoan, Android gehienak ez dituzu aurkituko mota honetakoak. 

Eta nola entzuten da irratia mugikor hauetan? akaso pentsatuko duzu irrati app mordo bat badaudela, eta egia da, baina horiekin entzuten duzunean irratia, Internet sarearen bidez arituko zara, dela 4G edo wifia erabiliz tokiren batean. Sare horiek gabe (itzalaldiaren larrienean bezala), ez dabiltza aplikazio horiek.

Xiaomi Redmi eta beste telefono horiek daukatena, ordea, ez da app bat Google Play dendakoa, baizik eta garapen natibo bat. Euskaratutako Redmi batean Irratia edo FM Irratia izenekin ager daiteke, eta ikono honekin:

Bere interfazearen irudi hau ere lortu dugu gaztelaniazko bertsioan:

 

Dial edo frekuentzia aurkitzaile / doitzaile bat izaten du aplikazioak, eta behin irrati jakin bat aurkitzean, gorde dezakezu. Adi, erabiltzeko orduan, honela egiten da:

Eta hortxe dago irrati-telefono hauen beste sekretua: minijack bidezko aurikular batzuk behar dituzu, ez derrigor bertatik entzuteko (telefonoaren beraren bozgorailutik entzun baitaiteke), baina bai antena bezala funtziona dezan kableak eta aurikularrak. 

Erantzun

Sartu