Teknologia albisteak

Iror Beien Emontarzuna ospatuko da bihar

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-12 : 15:24

Uztailaren 13an urtero egiten den bezala, Hiru Behien Zergaren zeremonia edo Iror Beien Emontarzuna (erronkarieraz) ospatuko dute bihar Erronkariko eta Baretos haraneko bizilagunek, Errazko lepoan, San Martingo Harriaren inguruan.


Aurtengo egitarauan, mezaren ondoren, zeremonia aurkeztuko da lau hizkuntzatan (euskaraz, bearnesez, gaztelaniaz eta frantsesez), eta 12.30etan emango dituzte hiru behiak Baretosko unaiek. Eskaintza Bearnokoek egiten dute, eta jasotzaileak dira e Izaba, Uztarroze, Urzainki eta Garde herri nafarretako biztanleak. Trukean lortzen dutena Baretoskoek, Nafarroako aldeko zelaietan aziendek belarra eta ura kontsumitzeko eskubidea.

Ituna burutzeko, bi aldeek eskua emanda "pax avant" ("bakea aurrera") hitzak hiru aldiz esaten dute tradizionalki urteroko ekitaldian. Bestetik, historian zehar Ansoko ibarretik eta Zuberoatik joandako epaileak egon izan dira prozesuaren lekuko, auzokide neutral gisa.

1375. urtean sinatutako akordio baten ondorioa da gaurko zeremonia. Itun eta bake hura sinatu zuten, bi urtez liskarretan ibili zirelako mendietako ipar eta hegoaldeko abeltzainak. Jatorrian, krimen bat ere izan omen zen, Pedro Karrika erronkariarrak Pierre Sansoler bearnotarra hil baitzuen.

Erantzun

Sartu