Teknologia albisteak

Amazon Prime Video ikusteko aukerak erraztu dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-12 : 10:47

Telebistan streaming zerbitzuak eta nahierako edukiak ikusteko aukeretan, leiho berria ireki zaie erabiltzaileei aste honetan: gerran ibili diren bi erraldoi, Amazon eta Google, ados jarri dira, bakea egin, eta beraien zerbitzuak (Chromecast, Youtube, Amazon Fire, Amazon Prime) bateragarri egin dituzte. Euskal Herriko erabiltzaileentzat erabilgarriena, seguruenik, Amazon Prime kontuarekin daude ikus-entzunezkoak orain Chromecast bidez ikus daitezkeela telebistan.

Telesail eta filmak nahieran ikusteko zerbitzuen artean, geurean zabalduenak HBO eta Netflix izango dira seguruenik. Smart telebista bat badaukazu, baliteke aukeren artean horiek eta Amazon Prime Video hirugarrena ere egotea; baina erabiltzaile askok, horrela barik, mugikorretik telebistara edukiak bidaliz ikusi izan dituzte gauzak, Chromecast bidez. Eta hortxe zegoen koxka, Amazonen streaming zerbitzua ez zen bateragarria Googleren gailu horrekin.

Amazonekoak telebistara bidaltzeko beste gailu batzuk zeuzkan Amazonek: Amazon Fire Stick edo HDMI-gailua (Chromecast-aren antzekoa), eta Fire izena duten tablet eta mugikor bereziak, hemengo merkatuan zabalkunde handirik lortu ez dutenak. Fire delako mundutxo horretan, bestalde, Youtubeko bideoak eta zerbitzuak ere ez ziren ondo egokitzen.

Iragarpena asteartean egin zuten Googlek eta Amazonek, eta jarraian, berehala, jada Android mugikor batean Amazon Prime baduzu, Chromecast-ean edukiak ikus daitezkeela konpronatu dugu. Ederto dabil.

Amazon Prime Video zerbitzu berezi samarra da HBO edo Netflix aukerekin konparatuta. Hileroko kuota barik, urteko Amazon Prime deskontu programaren bazkide izatean lortzen duzun gehigarri bat da. Prime bazkide izanda, bidalketa azkar eta gastu gehigarririk gabeak lortzen dituzu Amazon dendan, eta deskontu bereziak egun jakin batzuetan, esate baterako, datorren asteko Prime Day delako sustapenean. Hala ere, prezioz dexente igo da berriki: 20 eurotik 36ra Hego Euskal Herrian (urteko ordainketa) eta 49 euro Ipar Euskal Herrian (baina hileroko zerbitzua ere kontratatu daiteke).

Bi kasuetan, kontua irekitzen duzunean hilabete doan erabil dezakezu. Eta doakoaren ondoren etetea eta ez jarraitzea erraza.

Amazon Prime-n zer ikus daitekeen kontsultatzeko, horra azken berritasunak:

 

Erantzun

Sartu