Teknologia albisteak

Euskaraldiko txapen banaketa hasi dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 15:19

Bi aste eskas gelditzen dira Euskaraldia hasteko (maiatzaren 15etik 25era izango da), eta ia dena prest dago ariketari ekiteko, gaur Lekeition egin den aurkezpenean antolatzaileek adierazi dutenez. Euskaraldian jarrera aktiboa izateko deia egin diete herritarrei, gogoratuz izena-ematea oraindik irekita dagoela, euskaraldia.eus gunean. Txapak banatzen hasi dira jada herrietan; ariketa eroso egiteko ezinbesteko identifikagarria jaso dezakete, beraz, herritarrek.

Euskal Herriko ehunka herritan buru-belarri dabiltza izen-emateak biltzen, entitateetara bisitak egiten, Euskaraldiak iraungo duen bitartean izango diren ekitaldiak antolatzen… milaka lagun, ilusioz lanean, eta, jada, “urduritasun” ukituarekin.

Euskaraldiak ikur bat badu, eta hori txapa da. Eta dagoeneko hasi dira herrietan ahobizi eta belarriprest moduan identifikatuko gaituzten txapak banatzen. Hori jakinarazteko, agerraldia egin dute, gaur, Lekeitioko plazan.

Euskaraldian oraindik izena eman ez duten herritarrek badute aukera ahobizi edo belarriprest izango diren esateko, ariketa hasi arte izen-ematea irekita egongo baita. Jakina denez, ariketan parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da. Parte-hartzaileek ahobizi edo belarriprest rolen artean aukeratu behar dut. Rol bakoitzak jokatzeko modu ezberdinak eskatzen ditu. “Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua”, azpimarratu dute gaurko aurkezpenean. Erabaki horrek bakarrik norberak 11 egun horietan izango duen jarreraren eta portaeraren inguruan pentsarazten du, beraz.  Eta 11 egun horietan, parte-hartzaile guztiek hartutako erabakiei esker,  egunerokotasunean, euskararen presentzia areagotzea lortzen du Euskaraldiak.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Erantzun

Sartu