Teknologia albisteak

Fikzioak eta mundu korporatiboak izen (eta jarrera) maltzurrak trukatzen dituztenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 15:26

Artikulua idatzi zuen joan den astean Iban Zaldua idazleak bere blogean izenburu honekin: Korporazio zitalak. Bi kontu aipatuz, nagusiki. Batetik, oparoa dela korporazio zital, maltzur, evil horien tradizioa; zientzia fikzioan bereziki. Bestetik, fantasiako mundutik, fikziotik, nola hartu duen izena enpresa batek, Palantir; eta horixe dela, une honetan, mundu errealen topa dezakegun korporazio erreal gaizto eta higuingarri baten adibide paradigmatiko bat. Eta, hara!, duela 10 urteko Sustatu artikulu bat oroitarazi digu sarrerak.

2015eko hartan, hain zuzen, aipatu genuen fantasiazko fikziozko izenak nola erabili izan diren enpresa eta produktuak sortzeko. Hiru adibide ekarriz zehazki: Palantir bera (Eraztunen Jaunaren munduko harri oro-ikusle arriskutsu samar bat fikzioan), Nexus mugikorrak (Blade Runnerren erreplikante marka hartuz), eta Soylent start-up (Soylent Green jaki fiktizio beldurgarriaren izena hartu zuena, eta dagoeneko itxia, produktu absurdoa baitzen).

Palantir 2015ean ilun samarra iruditzen bazitzaigun, orain, ufa! Bere nagusia, Peter Thiel miliotsua, Trumpista nagusi bat da, eta oso inplikatua dago Thiel bera eta Palantir, 2025 honetanm Elon Musk-en ahaleginetan Estatu Batuetako datutegietan infiltratzeko, zenbait iturriren arabera. Sauron fikziozkoaren tresna zena, Mordor-zale berri errealeko ultra-eskuindarren zerbitzuan. Irakurketa pare bat Palantir eta bere nagusiaren inguruan: bat, bi. Iban Zalduak honela komentatzen digu Palantirrekoa: "Horrelako izen bat aukeratzeak, zer eta bigilantzia eta erabilera militarreko software enpresa bat izendatzeko, asko esaten du haren asmoez eta etikaz". 

Eta bueno, Palantir gauzatzen bada... agian ikusiko ditugu Zalduak blog-sarreran aipaturiko gainerakoak ere fikziotik errealitatera salto egiten. Hona bere bildumako adibideak:

  • Fowler Schocken publizitate enpresa ahaltsua (gerrak pizteko gauza dena), Frederik Pohl eta C.M. Kornbluth-en Espazioko merkatariak eleberrikoa.
  • Tyrell Corporation, Blade Runner filmekoa, gorago aipatu ditugun Nexus modeloen sortzailea.
  • Cyberdyne Systems, Skynet sistema genozida sortu zuena Terminator sagan.
  • Omni Consumer Products, Robocop polizia robotiko arriskutsu samarra sortu zuen enpresa.
  • Resources Development Administration, Avatar munduko enpresa inbaditzaile eta kolonizatzailea.
  • Weyland-Yutani korporazioa, Alien sagako enpresa, Zalduaren ustez zitalena adibide hauen artean.

Irudia, Saruman aztia Palantir harriari eusten.

Erantzun

Sartu