
Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu
Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten Teknopolis saioak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, ekitaldia egingo da martxoaren 5ean EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Horrez gain, programa berezia izango da martxoaren 10eko asteburuan, Teknopolisek begiak eta oinak espazioan jarri baititu urteurreneko saioa egiteko.
Elhuyarrek Ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa aurkeztu du Donostian. Dekalogoak biltzen dituen puntu nagusiak azaltzearekin batera, mahai-inguruan hausnarketa egin da klima-larrialdiaren inguruan eta haren berri emateko kontuan izan beharreko gakoen inguruan.
Inor gutxi iristen den lekuak erakutsiz eta jakin-mina piztuz dator zientzia eta teknologiari buruzko saioaren 26. denboraldia. Aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko saioaren 26. denboraldia EHUko Bizkaia Aretoko Baroja gelan, Bilbon. Han izan dira Amaia Esquisabel Alegría, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendaria, Gorka García Peral, ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan 12:00etan ETB2n.
Bilboko Areatzan egin zen sari-banaketarekin amaitu da 2023ko Elhuyar Zientzia Azoka. Sarituek nazioarteko zein Espainiako azoketarako bidaiak, ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak eta ikasketa-bekak jaso dituzte.
Elhuyarrek eta EHUko Uda Ikastaroek hitzarmena sinatu dute hizkuntza-teknologien esparruan elkarlanean aritzeko. Aurtengo Uda Ikastaroetan aldibereko itzulpen automatikoko sistemak probatuko dituzte ingurune errealetan.
“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi ziklo hau Elhuyarren eta Donostiako Udaleko Kultura sailaren arteko elkarlanaren emaitza da. Solasaldiak aurrez aurreko elkarrizketak izango dira, eta zenbait arlotan lan egiten duten emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izango da. Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Hiru saio programatu dira: martxoaren 14an (datorren asteartean), apirilaren 18an eta maiatzaren 16an.
Elhuyarrek pauso bat aurrera eman du, beste behin ere, hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan, digitalizazioaren eremuan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuarekin. Oraingo honetan, testua ahots bihurtzeko sistema neuronalak sortu ditu, eta haiek gizartearen esku jarri. Elhuyarrek eskaintzen dituen ahots automatikoak (TTS) gizartearen eta bezeroen eskura daude jada.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan beste behin ere Elhuyarrek. Otsailaren 3tik, emakume ikertzaileen irudiak ikusgai egongo dira Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako hainbat erakusleihotan. Guztira, 218 saltokik bat egin dute kanpainarekin. Donostiako Eureka! Zientzia Museoan eta Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan, berriz, zientzia eta teknologiaren arloko 12 emakumeren erakusketa egongo da ikusgai.