Elhuyarrek egin eta ekoitzi duen Erresistente dokumentalaren helburua da antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa gizarteratzea. Izan ere, superbakterioek osasun-arazo larri bihurtuko dituzte gaixotasun infekziosoak. Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte.
Bakterio erresistenteek erakusten duten arazoa SARS-COV-2ak sortutakoa baino larriagoa izango da, medikuntza modernoak antibiotikoak behar baititu ia denerako, eta eraginkor izateari uzten ari dira.
Erresistente dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea da Bego Zubia Gallastegi. Dokumentalak planeta osoari eragiten dion arazoa mahai gainean jartzen du ikertzaile, mediku, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Gaixotu eta osatu direnek ere izango dute ahotsa dokumentalean, edozeini gerta dakiokeela ikusiko da, baina, era berean, arazoari aurre egiteko aukera badagoela erakutsi nahi da. Bide horretatik, Estatu espainiarrean berria den tratamendu baten nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dugu, eta, horrekin batera, lehenengo pazienteetako baten bizipenak entzungo ditugu. “Infekzioa gainditzea lortu dutenen testigantzak hunkitu egingo gaitu, eta, aldi berean, bakterio erresistenteak areagotzearen ondorio larriak plazaratuko ditugu, eta horrek arazoari aurre egiten lagunduko digu, irtenbidearen zati bat guztion esku baitago”. Hitz horiekin laburbildu du zuzendariak Erresistente dokumentalaren muina.
Dokumentala eraikitzailea da, eta egon daitezkeen konponbideak azaltzen ditu protagonisten bitartez. Haiek izango dira arazo larri honi aurre egin behar diotenak. Irtenbidea haien esku bakarrik ez egon arren, ekarpen garrantzitsuak egingo dituzte, besteak beste, hauek: Lucia Gallego Andres, PRANeko kidea eta EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea; Itziar Alkorta Calvo, UPV/EHUko Zientzia Fakultateko irakaslea eta kimikan doktorea; Pilar Domingo Calap, ikertzailea eta Fagoterapian aitzindaria; Maria Neira González, Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria; Maitane Aranzamendi Zaldumbide, Donostia ospitaleko mikrobiologoa; Patxi Lazkanotegi Muxika, albaitaria; Ana Hurtado Esgueva, animalia-osasunean aditua, NEIKER; eta Nestor Etxebarria Loizate, UPV/EHU Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea. Haiekin guztiekin batera sartu da kamera laborategietara, landetxeetara, araztegietara, ibaietara eta ospitaleetara, bakterio erresistenteak leku guztietan daudelako.
Genero-ikuspegia oso kontuan hartu da dokumentalean, bai lekukotza eskaintzen duten pertsonen aukeraketan eta baita zientzialari eta medikuen artean ere. Ikerketa-taldeetako liderrak emakumeak dira, eta, gainera, kontsultetan eta baserrietan aritzen dira, laborategietatik kanpo ere lanean baitihardute bakterio erresistenteei irtenbideak bilatzeko.
Laster telebistan ikusgai egongo den dokumental hau FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa) eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntzarekin egin da, eta EITBren partaidetzarekin. Horrez gain, dokumentalak APIKA Ikus-entzunezko Produktoreen Elkartearen Audiovisual Project LAB egitasmoan parte hartu zuen 2022an. Egitasmo horren helburua da ikus-entzunezko proiektuen ekoizpena bultzatzea, sortzen ari den talentua sustatzea eta ikus-entzunezkoen ehuna dinamizatzea.
Trailerra ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=zV776iEkuyc&list=PL_ZaaGWuDlI35gYnByhCDVdpjeJ-w4pSs
Erantzun
Sartu