Teknologia albisteak

Zabalik da CAF-Elhuyar sariketara lanak aurkezteko epea

Erabiltzailearen aurpegia
2024-06-04 : 08:23

Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Konta(kta)tu da aurtengo goiburua, eta uztailaren 1a arte izango da lanak aurkezteko aukera. Aurtengo edizioan 13.000 euro banatuko dira, 4 kategoriatan.

Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin, eta lau kategoria hauek osatzen dute: dibulgazio-artikulua, doktore-tesiaren artikulua, zientzia-kazetaritza eta sorkuntza-beka.

  • Dibulgazio-artikulua kategoriako irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko ditu.
  • Doktore-tesiaren artikulu onenak 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura bat eskuratuko ditu.
  • Zientzia-kazetaritza arloko lanak. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura bat eskuratuko ditu.
  • Sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, baita eskultura bat ere.

Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta bateragarria da beste sariekin.

Aurreko urteetako lanak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean daude ikusgai.

Lanak aurkezteko, uztailaren 1a baino lehenago, idatzi honako helbide honetara: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus 

 

Erantzun

Sartu