Teknologia albisteak

Asteburu honetan hasiko da TEKNOPOLISen 27.denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia
2024-09-27 : 12:22
  • Mitoa ala zientzia?” izeneko atal berri bat izango du saioak denboraldi honetan, mito eta sineskerien atzean ebidentzia zientifikorik baden aztertuko duena.
  • Larunbatetan izango da ETB1en, 13:30ean, eta igandeetan ETB2n, 12:30ean.

 

Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko programaren 27. denboraldia, Tknikaren Euskal Herria aretoan, Errenterian. Han izan dira Unai Iparragirre Torres ETBko ikus-entzunezkoen zuzendaria,  Iñigo Araiztegui Arraiz Tknikako Nazioartekotzeko Saileko zuzendaria, Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea, eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en, eta igandeetan 12:30ean ETB2n.

25 urtez zientzia-gaiak lantzen aritu den programa honek jakin-minez begiratzen dio oraindik bizi garen munduari, eta gizartean kezka sortzen duten gaiei begiratzeko asmoa du Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Zein izango da hurrengo pandemia? Neandertalak gizakiak ziren? Obesitatea senda daiteke? Zergatik babestu behar dugu hartza? Nolakoa izango da munduaren bukaera? Galdera interesgarriak egingo ditu, eta erantzun are eta interesgarriagoak jasoko ditu, ikerketaren zorroztasunak ez baitio emoziorik kentzen zientziari.

Denboraldi honetan, gainera, mito eta sinesmenen gainean gogoeta egitera gonbidatzen gaitu Teknopolisek. Astero programaren gaiarekin lotura duen uste bat argituko du “Mitoa ala zientzia?” atal berriak. Ba ote du oinarri zientifikorik ala, aitzitik, sineskeria hutsa da? Fake news-en eta desinformazioaren garai honetan, kalean eta sarean erraz zabaltzen diren uste okerrak gezurtatzea eta, aldiz, ebidentzia zientifikoa dagoen kasuetan, informazio hori baieztatzea da atal honen helburua.

Irailaren 28an hasiko den denboraldi honetan ere Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Nagore Rementeria Argote.

Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera. Hasiera-hasieratik komunitatea eraikitzea izan du Elhuyarrek xede nagusitzat, eta Teknopolis saioak berak ere hori bilatzen du. Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrengan pentsamendu kritikoa sustatzen egiten du lan. Baina lan hori ez du Elhuyarrek bakarrik egiten; komunitate oso baten laguntza dago atzean: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia-edukietan interesa duten herritarrak.

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere: Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Tknika Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.

 

Erantzun

Sartu