Teknologia albisteak

Elhuyar Zientzia Azoka Bilbon, 200 STEAM proiektu erakusteko

Erabiltzailearen aurpegia
2024-05-22 : 12:06

Elhuyar Zientzia Azokak 800 gazte bilduko ditu Bilboko Areatzan, maiatzaren 25a bitartean, ikasturtean egin dituzten 200STEAM proiektu erakusteko. 70 ikastetxetako 800 gaztek hartuko dute parte, eta 200 proiektu egongo dira ikusgai. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira: 11 talde etorriko dira. Maiatzaren 25ean (larunbata) egingo da sari-banaketa. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak jasoko dituzte.

Martxan da 2024ko Elhuyar Zientzia Azoka. Goizeko 11:00etan eman zaio hasiera, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, ekimenaren babesleak; besteak beste: Itxaso Erroteta Sagastagoya, Gazteria eta Kirol zinegotzia ; Begoña Pedrosa Lobato, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordea; Marie Heguy-Urain, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko teknikaria eta proiektu-deialdien kudeatzailea; Isabel Sarrionandia-Ibarra Fernandez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko burua; Marta Camacho Tramblin, Teleco Rentako koordinatzailea; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabiko Berrikuntzako zuzendaria eta sortzaileetako bat; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Gaur, Batxilergoko 29 proiektu eta DBHko 21 egongo dira ikusgai; bihar, maiatzak 23, Batxilergoko 7 proiektu eta DBHko 47; ostiralean, maiatzak 24, Batxilergoko 6 eta DBHko 46; eta, larunbatean, maiatzak 25, Batxilergoko 6 eta DBHko 37. Guztira, 800 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Vila-realdik, Espinosa de los Monterosetik, Poiotik, Coruñatik, Lliçà de Vall-etik, Milandik eta Portotik etorriko dira beste 11 talde.

Ikertzaileak ere izango ditugu Areatzan, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari-banaketa larunbatean bertan egingo da, maiatzaren 25ean, 13:00etan. Azokan zehar saritutakoak bilduko dira sari-banaketan, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak ere izango ditugu sariak banatzen, hala nola Teleco Renta, Bizkaiko Foru Aldundia, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Elhuyar. Hauek dira irabazleek jasoko dituzten sariak: ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak. Aurkezle-lanetan, Eleder magoa eta María Redondo Mugica aktorea arituko dira. Horrez gain, egunero, kolaboratzaile diren ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak zozkatuko dira.

Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Eta azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 104 ikertzailek (haien artean, 65 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko.

 

Elhuyar Zientzia Azoka urtean zehar

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 3.000 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.000 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko inguru aurkeztu dira.  

Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren, Teleco Rentaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.

Erantzun

Sartu