Sustatu logoa Teknologia albisteak

Isats piano zuria

Xabier Mendiguren
2014-02-16 17:38

“Zazpi aldiz elur” antzerkiak Mikel Laboa du gaitzat, haren oroimenez eta omenez egindako ikuskizun bat da eta haren espiritua jasotzen du, nolabait ere. Atxagak Laboaz “Erlea” aldizkarian idatzitako testu eder batzuetatik abiatzen da, maitasun eta maisutasunez onduak, eta elurra hartuz haritzat, bai edukiak lotzeko, bai eszenografia josteko. Gabilondo zuzendaria bera eta Iñaki Rikarte ari dira interpretazioan, eta musikan, berriz, Salvadorrez gain, Angel Unzu gitarra-jotzailea eta Maria Berasarte fado-kantaria.

Obraren hasieran testu-errezitatze txukun eta ongi apaindu batera mugatuko ginela ematen zuen, baina zorionez ez, erregistro gehiago hartzen ditu lanak aurrera egin ahala, eta alde horretatik oso eskertzekoa da musikariak antzezten jartzea eta aktoreak abesten ausartzea ere: dinamismoa, hurbiltasuna eta berotasuna lortzen ditu hartara emaitzak. Zatirik hunkigarri eta artistikoki lortuenetako bat, nire ustez, zinema komikoa agertzen denekoa da.

Gure iragan hurbileko ikono bihurtu diren artistak gogora ekartzean, zer egiten dugu: nostalgia-ariketa bertan-goxozale bat? Oroimenaren transmisio birsortzailea? Obra honek bietatik du, seguru asko, oholtza gainean ageri den isats-piano zuriaren antzera: dekadentzia puntu kontserbadore bat du, Donostiak berak bezala, baina oroz gain dotorea da, eta bere notak bizirik diraute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu