Atzo, Euskararen Egunean, euskararen erabilerak gora egin zuen Twitterren
Umapen euskal txiolarien jarraipena egiten dugu. Gure robotek Twitter arakatzen dute, ondorengo bi helburuak lortzeko: euskal twitterlarien komunitatea identifikatu; eta euskarazko jardunaren argazkia jaso. Atzokoa egun berezia izan zen, eta estatistiketan ere nabari da.
Alde batetik, egun arrunt batean baino askoz gehiago txiokatu zen. Atzokoan, euskal txiolarien artean, esate baterako, 20.023 txio bota genituen. Azken asteko datuekin alderatuta, %42eko igoera da hori.
Euskararen erabilerak ere gora egin zuen nabarmen. Euskal twitterlariek atzo botatako txio guztien artean %66,8 euskarazkoak izan ziren (13.379 txio guztira); azken hilabeteotan, aldiz, euskararen erabilera %49-53 bitartean egon izan da. Euskararen erabilerak, beraz, nabarmen egin zuen gora atzokoan. Aldarrikapen egun eta ekintza sinboliko izatetik haratago ere, eraginkorra ere izan zen, hartara, atzoko eguna. Iraungo ote duen? Hortxe koxka, egun batekoa urteko 365 egunetara eramatea.
Oro har, esan daiteke 2014ko datuen oso-oso antzekoak lortu zirela atzoko Euskararen egunean. Iaz ere 20.000 txio inguru bota ziren eta %67 izan ziren euskaraz.
Bestalde, gehien erabili ziren traolak ere batu ditugu. Atzoko egunean, orotara, ondorengo 3 traolak izan ziren gehien erabili zirenak:
- #euskarak365egun (1005 txio)
- #euskarareneguna (924 txio)
- #EgotetikEgitera (499 txio)
Gehien erabili ziren 10 traolen artean ere, 7 euskararen egunarekin lotutakoak izan ziren. Hona hemen aurreneko 10ak, eta zerrenda osoa Umapen:
- #euskarak365egun
- #EuskararenEguna
- #EgotetikEgitera
- #euskararennazioartekoeguna
- #Euskara
- #365egun
- #EuskarazBiziNahiDut
- #50DA
- #35akereLibre
- #BilduErabakira
Kontuan izan, twitterlari euskaldunen jarduna bakarrik jarraitzen dugula Umapen. Hileroko estatistika guztiak gure artxibategian.
Erantzunak kargatzen...