Teknologia albisteak
3

Euskararen zentralitate harrigarria munduko hizkuntzen sare-egituraren ikerketa batean

Erabiltzailearen aurpegia
2014-12-22 : 14:49

Massachussets-eko Teknologia Institutuko ikerlari batzuek munduko hizkuntzen gaur egungo "erlazio-sarea" ikertu du, hizkuntzen zentralitate funtzional modernoen mapa bat egiteko. Hiru parametroren arabera egin dute, liburu-itzulpenen indizeak, Wikipediako edukia, eta Twitterreko jardunarena, eta Global Language Network deritzotena marraztu dute.

Azterketa bakoitzarekin grafiko desberdinak egin dituzte. Guztietan, ingelesaren zentralitate ageri-agerikoa da. Gaztelaniak ere nodo inportante bat osatzen du, eta euskara hor dago nonbait, erdigunearen eta gaztelaniaren arteko nodoen artean.

Hala ere, badaude desberdintasunak hiru grafikoen artean. Liburuenean, askoz hizkuntza gehiago daude, 247 hizkuntza; Wikipediakoan 134 hizkuntza; Twitterrekoan 70 bakarrik.







Honek adierazi lezake maila akademikoan edo antolatuan, hizkuntza txiki edo gutxitu edo "kolonial" askorentzat liburugintza sustatu izan den bezala, ahalegin hori zailagoa gertatu dela Wikipedian, eta aldiz, Twitterren, erabiltzaileen erabilpen errealean, hizkuntza horiek ez dutela batere islarik.

Liburuen indizean, adibidez, frantsesak edo errusierak inguruan sare aberatsak dituzte, hainbat hizkuntzarekin loturak agerian uzten dituztenak. Wikipediako grafikoan, askoz lotura gutxiago dituzte. Twitterrekoan, bretoiera edo Asiako hainbat hizkuntza, errusiera edo frantsesarekin lotuta zeudenak beste grafikoetan, desagertu egin dira.

Twitterreko grafikoan, frantsesaren eta euskararen arteko loturarik ere ez da ageri, baina euskara, behintzat, ez da desagertu. Izatez, euskara hiru grafikoetan agertzen da, eta posizio duin eta txukunekin ranking-etan. Hiru grafikoek erakusten duten hizkuntza-murrizketa kezkagarriaren aurrean, euskarak eutsi egiten dio teknologiarako eta kulturarako gai den hizkuntza baten posizioari:


Interneteko informazio-jarioan, kultura-erreprodukzioan eta pertsona/erakundeen arteko sareen josketan Twiterrek garrantzi biribizikoa duela uste dugu Umap-en. Horregatik saiatzen gara euskarazko Twitterreko jarioaren bizitasuna sustatzen eta haren lekukotasuna gordetzen. Era berean, ikusten dugu oso hizkuntza gutxik pasatzen dutela gaur egunean Twitterreko bizitasunaren froga hori, eta euskararen posizio erlatiboagatik nolabait pozten garen arren, konturatzen gara teknologia berrien desafioa eta mehatxu potentziala itzela dela hizkuntza gutxituentzat.

Ez gara sartu ikerketaren metodologia eta datu guztien analisira, baina inork landu nahi balu, material interesgarria dago hemen.

Sareko bertsio grafikoa: Global Language Network.

Erantzunak

2014-12-22 : 15:03

Interesgarria benetan, ez galdu!

2014-12-22 : 16:00

Ikerlarietako batek, Cesar Hidalgo txiletarrak, hemen itsasten dugun bideoan azaltzen du ikerkertaren nondik norakoa. Hasiera partean (1:45), Twitterreko metodoa deskribatzen du, guretzat interesgarria.

Mila milioi txioko korpus bat hartu dute, eta hizkuntzaren eta erabiltzaileen arabera etiketatu txioak. Ondoren, hizkuntza batean baino gehiagotan txiokatu izan duten erabiltzaileak markatu dituzte, hizkuntzen artean loturak egiteko.

2014-12-23 : 08:21

Zinez interesgarria. Euskararen erabilerak hainbeste kezkatzen gaituen garai honetan, 'erabilera' kontzeptua bera birdefinitzen lagundu ahal digute honelako lanek. Eta oso egokia iruditu zait dimentsio ekonomikoa kontuan hartzea.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu