Teknologia albisteak
1

Lehendakarien hizkuntza erabilera Twitterren

Erabiltzailearen aurpegia
2016-02-16 : 11:59

Iñigo Aranbarri idazleak, Berrian argitaratzen duen bere iritzi-zutabean, agintarien euskara erabileraren gaiari heldu dio. Hizkuntza bizi dadin izeneko zutabean, aipatzen zuen nola Iñigo Urkullu lehendakariak gaztelania lehenesten duen bere Twitterreko profilean. Umapen Twitterreko euskarazko jarduna aztertzen dugu, eta euskal txiolarion euskara-erabilera ere aztertzen dugu. Hiru lehendakari ditugu Twitterren (Iñigo Urkullu, Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxe). Euren euskara-erabilera neurtu dugu, 2014tik hona idatzi dituzten txio guztiak aztertuta. Hona emaitzak: Ibarretxek %33,9 euskaraz; Urkulluk %24,1; Lopezek %0,4.

Datuak akotatzeko, eta nolabait konparagarri izateko, azken 3 urteotako txioak bakarrik aztertu ditugu (2014-2016); Ibarretxeren kasuan, 2015eko urrian ireki zuen kontua. Hiru lehendakarien kasuan, atzora arte bota dituzten txio guztiak aztertu ditugu. Hizkuntza-detekzioa automatikoa da (Umapen bertan idatzi genuen horretaz). Mezu elebidunen kasuan, "Beste batzuk" atalean gehitzen dira. 

Lehenago ere aztertu eta argitaratu izan dugu euskal politikarien euskara-erabilera Twitterren, besteak beste 2015eko maiatzeko hauteskunde bezperan.

Iñigo Urkullu

  • Txioak: 1526.
  • Euskaraz %24,1, gaztelaniaz %72,3, beste batzuk (edo elebidunak, edo automatikoki aztertu ezinezkoak) %3,6.
  • Euskara-erabilera urteka: 2014an %28,8; 2015ean %19,4; 2016an %10,3.


Sustatu.eus | Iñigo Urkullu - Euskara-erabilera Twitterren, UMAP © cc-by-sa: umapeu

Patxi Lopez

  • Txioak: 452
  • Euskaraz %0,4, gaztelaniaz %92,5, beste batzuk %7.
  • Urtez urte aztertuta, ez dago alderik hizkuntza-erabileran.


Sustatu.eus | Patxi Lopez - Euskara-erabilera Twitterren, UMAP © cc-by-sa: umapeu

Juan Jose Ibarretxe

  • Txioak: 113
  • Euskaraz %33,9, gaztelaniaz %46,4, ingelesez %3,6, beste batzuk %17 (Ibarretxeren kontuan askotan mezu eleanitzak argitaratzen dira, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, hizkuntzak nahastuta).


Sustatu.eus | Juan Jose Ibarretxe - Euskara-erabilera Twitterren, UMAP © cc-by-sa: umapeu

Erantzunak

2016-02-17 : 08:59

Pare bat txiolarik (gutxienez, @pernandobarrenak eta @i_ullibarrik), aipatu digute Uxue Barkos ahaztu dugula (@uxuebarkos). Egia da Barkos ere sartu genezakeela talde honetan, baina hilda dauka Twitterreko kontua aspaldi. Lehenago ere ez da sekula oso twitterlari izan: 2011-2012 urteetan erabili zuen, 2013an utzita izan zuen, 2014an zeozertxo erabili zuen, eta 2015eko hauteskunde bezperan bakarrik erabili zuen maiztasun minimo batekin. 2015eko maiatzeko hauteskundeetatik ez du erabili (iazko uztaileko txio batzuk gora-behera). Iruditzen zaigu, beraz, zaila dela Barkosen jarduna goian aipatutako beste hirurenarekin alderatzea, are gutxiago gaur egungo ikuspegitik.

Hala ere, gogoan izan Barkosen euskara-erabilera lehenago argitaratu genuela, alderdien datuak eman genituenean (hain zuzen ere, 2015eko maiatzeko hauteskunde bezperan): http://umap.eus/albisteak/politikarien-euskara-erabilera-twitterren-hautesku/.

Bera zen GeroaBai alderdiko hautetsi (eta txiolari) bakarra, eta 2013-2015 tartean, bere euskara-erabilera %18koa izan zen.

Eskerrik asko, dena dela, zuen oharrarengatik. Hemen idatzi dugun azalpena zor genuen, behinik behin.

Erantzun

Sartu