Garai batean GPS gailuek ematen zuten informazioa, azkenaldian Google Maps bidez jasotzen dugu gero eta erabiltzaile gehiagok. Edozein bidaia edo ibilbide planifikatzeko orduan horixe dugu tresna "erosoena". Erosotasun hori, baina, ez da inolaz ere bistaratzen mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileengan. Googlek iragarri duenez, gutxinaka-gutxinaka, ibilbideak ea gurpildun aulkientzat egokituta dauden adierazten hasiko da ibilbide batzuetan.
Bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpus batetik abiatuta doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea EHUko ikertzaileak. Bestalde, musika-piezak errepresentatzeko modu berri bat aurkitu du, eta horretan oinarrituta, musika automatikoki sailkatzeko metodo berri bat aurkeztu. UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldean egindako ikerketaren berri eman du PLOS ONE zientzia-aldizkari entzutetsuak. BertsoBot izena darama EHUko ikertzaile talde horren lanak.
Duela aste batzuk hasi zuen tramitazioa eta bihar, apirilak 3, irtengo da New Yorkeko burtsara Spotify musika-zerbitzu ezaguna. Iragarpen honi esker, Spotifyri buruzko hainbat datu ere ezagutu ahal izan ditugu, orain arte nahiko ezkutuan izan direnak. Dirua galtzen jarraitzen du (diru asko), baina jarraitzen du erabiltzaileak erruz irabazten eta gero eta zifra hobeak ditu (garai batean nagusi zen Apple Music-ek baino erabiltzaile bikoitza, adibidez).
Egun historikoa da biharkoa. Orain arte hainbat proba eta test egin badira ere, bihartik aurrera "benetako" bihurtuko da gidaririk gabeko autoen kontua. Izan ere, Kalifornian erabat legezkoa izango da gidaririk gabeko auto bat errepideetara ateratzea, alboan gizakirik egoteko beharrik izan gabe.