Duela aste batzuk hasi zuen tramitazioa eta bihar, apirilak 3, irtengo da New Yorkeko burtsara Spotify musika-zerbitzu ezaguna. Iragarpen honi esker, Spotifyri buruzko hainbat datu ere ezagutu ahal izan ditugu, orain arte nahiko ezkutuan izan direnak. Dirua galtzen jarraitzen du (diru asko), baina jarraitzen du erabiltzaileak erruz irabazten eta gero eta zifra hobeak ditu (garai batean nagusi zen Apple Music-ek baino erabiltzaile bikoitza, adibidez).
Otsailean hasi zuen tramitazioa eta duela egun batzuk iragarri zuen. Bihar irtengo da burtsara Spotify, streaming bidezko musika plataforma ezagunena eta une honetan ingurune digitalean dagoen markarik garrantzitsuenetakoa, gehienbat erabiltzaileen ohiturak errotik aldatzeko gauza izan delako. Une honetan nagusi da musika merkatuan, garai batean gailurrean zegoen Apple Music gero eta atzerago utziz.
Hala ere, Spotifyk dirua galtzen jarraitzen du (Interneteko enpresa handi eta ezagun askoren antzera, Twitter, Amazon, Netflix,...). 2017. urtean, esate baterako, 1.235 milioi euro galdu ditu, 2016an baino gehiago. Diru-sarrerak baina, inoiz baino handiagoak izan dira, 4.090 milioi euro (2016an baino %39 gehiago). Balantze negatibo horren arrazoi nagusia egile eskubideak dira. 2006tik hona Spotifyk 8.000 milioi euro gastatu ditu egile eskubideetan eta azken urtean alor horretako gastuak %27 igo dira.
Datu negatibo horiek, ordea, ez omen dira kezkagarriak etorkizunera begira. Izan ere, azken urtean diru-sarrerak ia bikoiztu badira, gehienbat izan da erabiltzaile kopurua ere izugarri hazi delako, eta harpidedunak gero eta fidelagoak direlako (%6ko desarpidetza-tasatik %5era igaro da urte betean). Horrela, enpresak izandako irabazi edo mozkinak ere gorantz doaz eta enpresak etorkizun oparoa duela ematen du.
Esan bezala, Spotify jaun eta jabe da streaming bidezko musika plataformen artean. Abenduan, esate baterako, 159 milioi erabiltzaile izan zituen eta 71 milioi harpide ditu. Alderatzeko: Apple Music-ek erdiak ditu (36 milioi harpidedun), Amazon Music-ek 16 milioi eta Pandora Mediak 5 milioi. Spotifyk dominatzen du, zeharo, musika digitalaren unibertsoa.
Erantzun
Sartu