Teknologia albisteak

Uber-en gidari gabeko lehenengo autoak, dagoeneko errepideetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-09-15 : 11:21

Heldu da eguna! Uber-ek gidaririk gabeko lehenengo autoak atera ditu errepidera. Atzo izan zen, Pittsburghen (AEB), dozenaka kazetariren aurrean. Oraindik ere gidari automatikoak haragizko kopilotua eraman zuen alboan, badaezpada, baina lehenengo urratsa da (urrats handia) datozen urteotan gauzatuko den iraultza teknologiko handienaren eremuan: gidaririk gabeko autoena. 

Lehenago ere izan da probarik, jakina, baina atzokoa izan zen bene-benetako eguna: Uber-ek gidaririk gabeko 4 auto jarri zituen martxan Pittsburghen atzo goizean. Oraindik ere, nolabaiteko proba modukoa izan zen. Kotxeek jaso zituzten bidaiariak Uber erabiltzaile fidelak izan ziren, egun honetarako espreski aukeratuak; eta ibilgailuetan hezur-haragizko kopilotuak ere bazeuden, badaezpada (oharrak hartzen eta ezustekoen aurrean gidaritza hartzeko prest), baina dagoeneko esan daiteke gidaririk gabeko autoen lehenengo flota errepideetan dugula.

Uberrek berak azaldu zuen bere blogean esperientzia, azalpen tekniko guztiekin, eta hainbat hedabidetan ere jaso da une historikoa, noski, esperimentua ikusteko dozenaka kazetari bildu baitzen Pennsylvaniako hirian (Mashable, NYTTechCrunchThe Verge eta Wired, besteak beste). 

Hedabide guztietan azpimarratzen den moduan, datozen urteotan biziko dugun iraultza handienaren aurrean gaude, gidaririk gabeko ibilgailuena, eta atzokoa mugarri izan zen iraultza horretan. Sustatun ere luze idatzi genuen apirilean, Tesla 3 modelo berria iragarri zenean. Izan ere, bi iraultza izugarri ari dira gertatzen une honetan: kotxe elektrikoena eta gidaritza autonomoarena. Eta horrek ondorioak izango ditu, ziurrenik, hirien egituran, gidarion ohituretan, eta industria automobilistikoan.

Atzoko egunerako Ford Fusion markako 4 auto aukeratu zituen Uberrek. Aurreratu dutenez, laster 15 ibilgailuko flota izango du martxan, eta denbora laburrean 100 ibilgailura iristeko asmoa dauka. Volvorekin ere hasi dira lanean, Ford markaz gainera. 

Erantzun

Sartu