Teknologia albisteak

Robot bertsolaria eta musika-sorkuntza automatikoa

Erabiltzailearen aurpegia
EHU
2018-04-02 : 10:14

Bertsoen melodiez osatutako bilduma edo corpus batetik abiatuta doinu berriak automatikoki sortzeko metodo bat garatu du Izaro Goienetxea EHUko ikertzaileak. Bestalde, musika-piezak errepresentatzeko modu berri bat aurkitu du, eta horretan oinarrituta, musika automatikoki sailkatzeko metodo berri bat aurkeztu. UPV/EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldean egindako ikerketaren berri eman du PLOS ONE zientzia-aldizkari entzutetsuak. BertsoBot izena darama EHUko ikertzaile talde horren lanak.

UPV/EHUko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen ikerketa-taldearen (RSAIT) lan-ildoetako bat da gizakien eta makinen edo roboten arteko elkarrekintzan aurrera egitea, eta proiektu nagusitzat jotzen dute BertsoBot proiektua, “zeinetan bertsotan jartzen ditugun robotak”, dio Basilio Sierra taldeko arduradunak. Prozesu horretan, hainbat alor lantzen dituzte ikerketa-taldean: ahots-seinalearen ulermena, ordenagailu bidezko ikusmena, nabigazioa, musika-doinu berriak sortzea eta abar.

Taldeko ikertzaile eta doktoregai Izaro Goienetxeak bi ikergai ditu eskuartean: musikaren sorkuntza automatikoa eta musikaren sailkapen automatikoa. Ikertzaileak adierazi du musika automatikoki sortzeko hainbat metodo garatu izan direla, eredu gramatikal edo estatistikoetan oinarrituta; baina, haietan, “kontuan hartu beharko litzateke melodien koherentzia, erraz ulertzeko moduko melodiak sortu ahal izateko. Ziur egon beharko genuke melodia berrien barnean zenbait segmentu errepikatu egiten direla, bai nota mailan bai beste melodia maila abstraktuago batzuetan”.

Ikertzailearen jarduera musikaren sorkuntzan hasi bazen ere, musika sailkatzeko moduak ikertzera eraman zuten emaitzek. Eta ikertzaileak garrantzia ematen dio sailkapenaren alderdi horri ere; izan ere, “gero eta musika gehiago daukagu Interneten eskura, eta gai garrantzitsua bihurtzen ari da musikaren sailkapen automatikoak egiteko aukera izatea, musika-bilduma handiak antolatu ahal izateko”, dio Goienetxeak.

Proiektuaren inguruko informazio gehigarria eta zehatzagoa EHUren webgunean. Eta Izaro Goienetxeari elkarrizketa ZientziaKaiera blogean.

Erantzun

Sartu