Pizza bat eskatu eta gidaririk gabeko ibilgailu batek ekarriko dizu etxera. Halaxe hasi dira Ann Arbor herrian (Michigan, AEB). Horixe da Domino's pizza sare handiak proba egiteko aukeratu duen hiria. Ikasle ugari dituen hiri hori aukeratu dute probak egiteko eta sor daitezkeen arazoak aztertzeko. Dena ondo badoa, gutxinaka-gutxinaka beste hiri batzuetara ere hedatuko dute ibilgailu robotikoen bidezko banaketa. Domino's kateak dituen 100.000 banatzaileak roboten bidez ordezkatuko ote dituzte?
Gidaririk gabeko ibilgailuen mundua hemen da jada. Duela 20 urte zientzia fikziozko pelikuletan ikusten genuena, egia ari da bihurtzen apurka-apurka. Googlek urrats sendoak eman ditu, Uber ere aspaldi ari da benetako testak egiten, eta orain Ford konpainia da, Domino's-ekin batera, beste urrats bat eman duena. Proba bat da, baina dagoeneko "benetakoa": gidaririk gabeko ibilgailuak pizzak banatzen hasi dira Ann Arboren, nahiz eta oraindik ere kotxe barruan 2 pertsona ere badoazen, "badaezpada".
Herri berezia da Ann Arbor, Michigango Unibertsitateak bertan duelako bere egoitza nagusia, eta oso hiri "gaztea" delako, ikaslez betetako hiria. Toki egokia izan daiteke, hortaz, proba hau egiteko, ikasle gazte horiek errazago onartu ditzaketelako horrelako aurrerapen teknologikoak eta erosketa-ohitura aldaketak. Lehenengo aldia da horrelako esperientzia erreal bat martxan ipintzen dena saltzaile/erosleen artean. Proba bat izateaz gain, publizitate-kanpaina handi bat ere bada, jakina, bi konpainientzat, Ford zein Domino's-entzat.
Proba honen bidez, Ford-ek eta Domino's-ek aztertu nahi dute ea zeintzuk diren horrelako banaketa-sistema batek izan ditzakeen arazo errealak. Gidaritza robotikoarekin lotutakoak baino gehiago, pizza erosleen artetik etor daitezkeenak. Esate baterako, eguraldi txarra bada, erosleak irtengo ote dira kaleraino pizza jasotzera? "Horrelakoak dira gure kezka nagusiak; gehienbat, banaketaren azken-azkenengo metro horietan gerta daitekeenaren ingurukoak" aipatu dute arduradunek.
Erosleak APP bat jaitsi beharko du eta aplikazio horren bidez egingo du eskaeraren jarraipen oso-osoa. Pizza etxe parean duenean bere telefono-zenbakia sartu beharko du erosleak, autoa ireki eta pizza jaso ahal izateko. Banaketa-sistema honek propinak kenduko lituzke, eta hori ere erakargarria izan daiteke gazteentzat.
Domino's bezalako banaketa-sare handi batentzat garrantzi berezikoa izan daiteke aldaketa historiko hau. Kontuan izan une honetan 100.000 pizza-banatzaile dituela Domino's-ek. Ibilgailu automatikoekin milioika dolar aurreztu ditzakeela aurreikusten dute, zerbitzu honea eskainiz, gainera: pizza beroago mantendu, banaketa-denbora zehatzagoak eta abar.
Badakizue: robotak geratzeko etorri dira, eta gure lan gehienak ordezkatuko dituzte oso epe laburrean.
Erantzun
Sartu