Teknologia albisteak

Bihartik aurrera legezkoa da Kalifornian gidaririk gabeko autoak erabiltzea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-01 : 10:48

Egun historikoa da biharkoa. Orain arte hainbat proba eta test egin badira ere, bihartik aurrera "benetako" bihurtuko da gidaririk gabeko autoen kontua. Izan ere, Kalifornian erabat legezkoa izango da gidaririk gabeko auto bat errepideetara ateratzea, alboan gizakirik egoteko beharrik izan gabe.  

Pare bat urte daramatzagu, gutxienez, test eta proben berri ematen. Bihartik aurrera, aldiz, errealitate bihurtuko da gidaririk gabeko ibilgailu autonomoen kontu hau. Errealitate eta legezko. Otsailean onartu zuen Kaliforniako Gobernuak legea (hemen PDF formatuan) eta bihar (apirilak 2) sartuko da indarrean.

Bihartik aurrera, kotxe autonomoak ez du beharko alboan gizakirik izatea, orain arte moduan. Orain arteko proba fasean, gidari robotikoak onartu dituzte, baina betiere alboan gizaki bat bazeukaten sistema kontrolatzen. Hemendik aurrera ez. Edozein konpainiak (edo norbanakok) hartu dezake horrelako ibilgailu automatiko bat eta errepidera atera. Erabilera komertziala ere arautu dutelako, hau da, Uberrek edo antzeko konpainiaren batek eman dezake zerbitzu hori bihartik aurrera.

AEBko beste estatu batzuetan (Arizonan bereziki) eta baita beste herrialde batzuetan ere egin izan dituzte makina bat proba, baina Kalifornia izan da arautu duen lehenengoa. Araudi bat egongo da, baimenak lortu beharko dira, azterketak gainditu,... Hau da, orain arte auto bat komertzializatzeko eta gidatzeko egiten den bezala, baina gidaririk gabeko ibilgailu autonomoekin.

Kalifornian hasi da iraultza. Laster hedatuko da mundu osora.

 

EGUNERAKETA: Informazio osagarria aste honetan Reutersek atera duen albiste honetan.

Erantzun

Sartu