Maiatzaren 18an, Gasteizko Foruen Plazan 17;30etan, mobilizazioa egitera deitu du Aldatu Gidoia plataformak "Euskararen Alde" lelopean. Euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde, eta euskara eta euskarazko kultura ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebistaren aldeko elkarretaratzea egingo dute.
UEUk antolatutako Txiotesia lehiaketaren 7. edizioaren eguna bihar da. Zera da koxka, ikertzaile euskaldunek bere tesi-lana azaldu dezaten Mastodonen (aurten estreinakoz) edo Twitterren hari batekin. Adi egon bihar, mekanika azalduko dugu jarraian, tesigile zein jarraitzaileentzat.
Maiatzaren 16an “Euskara eta digitalitatea: begiradak 2024tik” mahai-ingurua antolatu du UEUk Errenteriako Torrekuan, 18:00etatik aurrera (Errenteriako etxe hori Humanitate Digitalen Ikerketa Gunearen egoitza da, UEUren eta Errenteriako Udalaren akordioz). UEUren Goi mailako Online Ikastegiak (GOI) hain zuzen "Euskara eta digitalitatea" aditu-titulua aurkeztu berri du 2024-2025 ikasturterako, EHUren berezko eskaintzaren baitan, eta horri kontestua emango dio datorren osteguneko topaketak.
Atzo arratsaldean zabaldu zen albistea, eguzki-orban erraldoia garatu dela detektatu dutela, eta ondorioz ekaitz geo-magnetiko bat hurbiltzear zela Lurrera, GPSak eta telekomunikazioak potentzialki ukituz, eta aurora boreal eta australen intentsitatea eta hedapena areagotzeko aukerarekin. Aurora polarren fenomenoa gertatu zen, bai, bart gauez, baita Euskal Herritik ikusgarri ere bai. Zientzialariek ohartarazi dute eguzki aktibitatearen eragin geomagnetikoek asteburuan zehar ere jarraitzen dutela, baina horrek gaur gauean aurorarik eragingo ote du Euskal Herrian ikusteko modukorik? Ezin da jakin, ohartarazi du Arantzadi Zientzia Elkarteak, agian bai, eta beharbada ez.
Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) Red Hat aukeratu zuen bere garaian azpiegitura informatiko batzuen oinarri izateko, eta orain Red Hat-ek bere arrakastako kasuen artean erakusten du egindakoa, bereziki Itzuli euskarazko itzultzaile neuronalarekin egindakoa. Red Hat kode irekiko soluzioen hornitzaile nagusi bat da munduan, Linux eta software libreko beste sistema batzuk ezartzen lan egiten duena. AEBetan du egoitza, eta IBM-ren filial bezala funtzionatzen du, negozio ildo propioarekin.
Start-up edo enpresa berritzaileak sustatzeko ekimen publikoa da EAEn BIND delakoa, eta berorren parte da enpresa txiki eta ertainekin elkarlanean jartzea start-up horiek, BIND SME deitzen dutena (SME, ingelesez, ETE edo enpresa txiki eta ertainen sigla da). Hain zuzen ere, datorren astean da BIND SME IV prestakuntza-jardunaldia (sarean jarraitzeko webinar bat) ETEen lehiakortasuna hobetu duten arrakasta-kasuak ezagutzeko, eta proiektu berriei bide emateko.
2024ko Dantzan Ikasi Topaketak bihar izango da, maiatzaren 11n, larunbatarekinm, Eibarko UEUren egoitza, Markeskuan.
Bigarren Hezkuntza ikasle euskaldunek PuntuEus-ek antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketarako egin dituzten webguneak errepasatu ditugu, barrura sartuta eta nabigatzen, Twitch eta Segura Irratiko zuzenekoan. Adibideak: Digema.eus emakumezkoen digitalizazioaz informatzen duen webgunea asmatutakoa da, nolabait, baina txukuna; eta Doneztebeko Erreka Kirol Elkartearen webgunea ez bakarrik txukuna, baita eskualdeko erakunde batentzat webgune praktiko bat orain, batxilergoko ikasle nafar batzuek egina.
UEUk 52. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu. Azken bi urteetako hariari jarraituz, 20 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek. Euskararen estatus juridikoa landuko dute ekainaren 6an Iruñean egingo duten hasiera ekitaldian. Matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.
Zientziaz Blai egitasmo zientifiko eta dibulgatiboaren 2024ko edizioa bihar hasiko da Bilbon, "Zientzia eta Gizartea" hitzaldi sortarekin, Bidebarrieta Kulturgunean maiatzak 10 arratsaldeko 18.30etan. Eta ostiraleko hitzaldien ardatza: adimen artifiziala. Antolatzailea da Logos Elkartea.
Egunean Behin-eko denboraldi berrian, herenegun hasitakoan, jokalari berri bat ari da goizero jokatzen... Latxa! Euskarazko adimen artifizialeko garapen berria aplikazioaren mekanikarekin lotu dute CodeSyntax-eko garatzaileek eta Hitz Zentroko Latxaren arduradunek. Goizero, ardiak esnatzen diren orduan, 10 galderari erantzunez parte hartzen du Latxak. Begiratu sailkapen orokorrean... zuen emaitzaren ondoan, hortxe da Latxa.
Gaur dena da "adimen artifiziala" ustez, baina programazio aurreratuaren emaitzak ematen dituen beste teknika bat, duela urte batzuetatik dabilena inguruan, machine learning delakoa da, makinek interakzioarekin ikasten dutenean edo trebatzen direnean. Streaming plataformetan, adibidez, teknika horien bidez egiten dituzte "gomendio" sistemak eta ateratzen dituzte "gustuen" estatistikak. Eta horretaz jakiteko ostegunean hitzaldi interesgarria izango da Donostian: " Machine Learning-aren erabilpena streaming plataformetan (Spotify, Netflix)".
PuntuEus-ek antolatzen duen Kaixomundua.eus lehiaketaren bosgarren edizioko irabazleak jakinarazi zituzte joan den ostiralean. Webguneak sortzen ikasiz, gaitasun digitalen ezagutza sustatzea eta eduki digitalak euskaraz sortzea ditu helburu sariak.
UEUk 7. aldiz antolatuko du Txiotesia lehiaketa maiatzaren 14an. Bertan parte hartuko duten ikertzaileek beren tesia X/Twitter-eko 6 txiotan edo Mastodon-eko 3 tutetan laburtu beharko dute. Bi urterik behin egiten den ekimen honen helburuak euskal ikertzaile gazteak eta haien lanak ezagutaraztea eta euskarazko zientziaren dibulgazioa sustatzea dira. Edizio honetan X (lehengo Twitter) sare sozialaz gain, Mastondon-en ere parte hartu ahal izango dute ikertzaileek.